J.L.
Desafioa

Daniel Vicente eta Saralegi apustua jokatzeko prest agertu dira

Desafio hotsak dira aizkora munduan, izan ere Daniel Vicentek eta Ruben Saralegik apustua jokatzeko prest daudela iragarri diete Felix Etxeberriari eta Oihan Larretxeari.

Horretarako bilera egiteko eguna eta ordua jarri diete, abenduaren 6an egongo baitira Etxalarko Ventas jatetxean 20.00etatik aurrera beraien zain. Han erabakiko omen lirateke bai nolako apustua egin, lana, eguna, ordua eta bai zenbat diru jokatu ere. Hala ere, apustu dezentea egin nahi omen dute.

Vicente eta Saralegi osaba eta iloba dira, biak sasoi betean daudenak. Saralegiren azken denboraldiak ikaragarriak izan dira. Iaz Euskal Herriko Hirugarren Mailako eta Nafarroako Bigarren Mailakoa bereganatu zituen. Aurten Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela lortu du, eta lehen urtean Nafarroako Lehen Mailako finala jokatzeko modua egin du, laugarren amaituz. Jokatu duen apustua ere irabazi du.

Daniel Vicente eskarmentu handiko aizkolaria da. Badaki maila nagusian aritzea ere zer den, eta bien artean bikote sendoa osatzen dute. Orain ikusi beharko da ea Felix Etxeberriak eta Larretxea gazteak erantzungo ote dieten edo ez.