J.L.
sokatira

Faborito garbirik gabe jokatuko da Aian aurtengo Lauko Txapelketako aurreneko final handia

Denboraldiko lehen txapelak banatuko dira gaur Aiako pilotalekuan, hantxe jokatuko baita aurtengo Euskal Herriko Goma gaineko Lauko Txapelketako 320ko finala, 17.00etan hasita.

Aurretik bi jardunalditako ligaxka jokatu da eta hango sei onenak ibiliko dira gaur arratsaldean txapelaren bila. Ibarra A eta C, Abadiño, Sokarri B, Baigorri eta Ñapurrak neurtuko dira.

Ibarra da bi talde sartu dituen klub bakarra, eta herrialdeak ere ederki ordezkatuta geratu dira. Izan ere, bi gipuzkoarrez gain, bi bizkaitar, Abadiño eta Sokarri, lapurtar bat, Ñapurrak, eta Nafarroa Behereko bat, Baigorri, arituko dira denboraldiko lehen final handi honetan.

Honelako ekitaldien aurretik faboritoak aipatzea derrigorrezkoa bihurtuta dago, baina gaurkorako ez dago garbirik. Lehen fase horretan oso maila ona eman dute, bai Ibarra A taldeak, bai Ñapurrak taldeak, baita Sokarrik eta Baigorrik ere.

Abadiñok bere lana txukun egin du, baina goma gainean erabat nagusitzen ari da azken urte hauetan eta finaletan hazi egiten da, gainera. Bera ere faboritoen artean agertzen da.

Gaur arratsaldeko saioa edozeinek irabazteko modukoa da, eta irabazten duenak irabazita ere, ez da ezustea izango, denak ere oso maila handikoak baitira.

Nafarroakoa

Nafarroako Goma Gaineko Txapelketan, berriz, gaur izango dute amaierako ekitaldia, gaurkoarekin dena amaituko baita. Lesakako pilotalekuan jokatuko da azkeneko jardunaldia 18.00etan hasita, eta bertan mutiletan 600 kiloko bigarren jardunaldia, eta mistoen 550 kiloko bigarrena jokatuko dira, eta horrekin erabakiko dira aurtengo azkeneko txapeldunak.

600 kilokoan, Berriozar, Txantrea eta Amaiur neurtuko dira, eta hiruren arten erabaki beharko dute txapela. Mistoan, berriz, Berriozar A, Berriozar B, Txantrea eta Basaburua-Imotz lehiatuko dira. Ondoren batzuek Euskal Herriko Laukoan jarraituko dute, eta beste batzuek, berriz, Euskal Herriko Zortziko Txapelketa prestatzeari ekin beharko diote.