J.L.
Nafarroakoa

Amaiur eta Berriozar izan dira azken saioko bi talderik onenak

Amaiur eta Berriozar B izan dira Nafarroako Sokatira Txapelketako azkeneko jardunaldiko bi talderik onenak, eta beraiek eraman zituzten gizonezkoen 600 kiloko eta mistoen 550 kiloko txapelak.

Mutiletan berriro ere Amaiur izan zen azken saioko onena, aurrekoan bezalaxe, eta horrekin txapela ziurtatu zuen. Bigarren postuan Berriozar sailkatu zen, eta hirugarren postuan, berriz, Txantrea. Lehen jardunaldiko postuak errepikatu egin ziren berriro ere.

Mistoen 550 kiloko azkeneko saioan Berriozar B gailendu zen. Maila honetan talde bakoitzak lau emakumezko eta lau gizon izan behar zituen. Berriozarko bigarren taldea izan zen berriro ere onena, eta txapela eraman zuten. Bigarren postuan Basaburua-Imotz sailkatu zen, eta hirugarren postuan, berriz, Berriozar A.

Honekin amaitu da Nafarroako Txapelketa. Izan ere lehendik jokatuta baitzeuden gizonezkoen 640 kiloko finala, baita emakumezkoen 375 kilokoa ere. Mutiletan Amaiur izan zen pisu horretan ere onena, gizonezkoetan Nafarroako onenak direla erakutsiz. Emakumezkoetan, berriz, Basaburua Imotz izan zen onena, jokatu den pisu bakar bateko txapela jantzi ostean.