Jon LEUNDA
Abiadurako Munduko Txapelketa

Aitzol Atutxa bizkaitarra izan da denetan azkarrena

Dimarraz gain, Vicente II.a, Ruben Saralegi, Larretxea eta Mindegia izan dira beste txapeldunak.

Aitzol Atutxak irabazi zuen atzo Arbizun jokatu zen Abiadurako Munduko Txapelketa. Eliteko mailaz gain, ordea, 18 urtez azpikoena, 23 urtez azpikoena, 50 eta 60 urte bitartekoena eta 60 urtetik gorakoena jokatu zen.

Aldi berean, Jose Inazio Floresi ere omenaldia eskaini nahi izan zitzaion. Nafarrak kirola utzi behar izan zuen gaixotasun batek jota, eta atzo aizkoraren munduaren elkartasuna jaso zuen. Hala ere, protagonismoa hotzak hartu nahi izan zion, eta harmailen erdiak pasatxo bakarrik bete ziren.

Enbor bat zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren aizkolariak, eta kanporaketak jokatuz iritsi ziren finalera Donato Larretxea eta Aitzol Atutxa. Azkenean Dimako aizkolaria gailendu zen, eta beretzat izan zen txapela. Donato Larretxeak lan asko izan zuen finalerdietan Nazabal mendean hartzeko, eta finalean ederki nabaritu zuen.

Izan ere, eliteko txapelketan ez ezik, 50 urtetik 60ra bitartekoan ere lehiatu zen nafarra, eta maila horretan beretzat izan zen txapela. Oraindik sasoian dago Donato, eta lan motz hauetan edozeini aurre egiteko moduan dago. Finalean Joxe Ugartebururen aurka lehiatu zen, eta garaipena lortu zuen. Ugarteburuk ere oso lan txukuna egin zuen, nahiz eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Ezkio-Itsasokoak.

23 urtez azpikoetan, berriz, Ruben Saralegik lortu zuen garaipena. Leitzarrari hauxe falta zitzaion urteari amaiera paregabea emateko. Jokatu duen apustua irabazi zuen, baita Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela ere, eta Nafarroako Lehen Mailakoan laugarren izan zen. Orain azkartasuneko munduko txapela eraman du 23 urtez azpikoetan. Jokin Alkizaletek eskuratu zuen bigarren postua.

18 urtez azpikoetan ez zen inongo ezusterik izan. Maila horretan Iker Vicente da onena, besteei koska bat kentzen die, baita enbor bakarra mozten ere. Berak jantzi zuen txapela. Larrea III.ak lortu zuen atzokoan bigarren postua.

Azkenik, 60 urtetik gorakoetan ere ez zen ezusterik izan, Miel Mindegia izan baitzen txapelduna. Bera zen faboritoa, eta ez zuen hutsik egin. Bigarren postuan, berriz, Leontzio Goñi sailkatu zen, Mikel Goñi pilotariaren aita.

Amaieran, Asier Atutxa pozez gainezka zegoen. «Uste dut proba oso polita izan dela, batez ere bigarren zatia, eta honelako lehiaketa bat irabaztea ederra da», esan zuen.