Xabier Izaga
Kazetaria
TXOKOTIK

Mandela eta tabua

Michelle Obamak, duela bi urtetsu Hegoafrikara joan zenean, eskerrak eman zien apartheid erregimenaren aurka borrokatu zirenei. Ez dirudi, ordea, Angolako Gobernu komunista, Namibiako gerrillariak eta, batik bat, Kubako soldaduak gogoan zituenik, nahiz eta inork gutxik egiten duen zalantza horien borroka, bereziki Cuito Cuanavaleko batailan, erabakigarria izan zela erregimen arrazistaren gainbeherarako. Batek daki nori eskerrak eman eta ahaztu egin zitzaion Ameriketako Estatu Batuek erregimen hari eman zioten laguntza aipatu eta, behar bezalako demokratei dagokien legean, gaitzestea.

Nelson Mandelaren omenaldian, Barack Obamak, ahanzturarako joera hori ez dela bere emaztearena bakarrik erakutsita, esan zuen: «Mandela, Gandhi bezala, erresistentzia baketsuaren liderra izan zen». Eta nork eta Federico Jimenez Losantosek zuzendu zuen AEBetako presidentearen hutsunea (eta, bide batez, Obamak Hegoafrikako presidente ohia Gandhi, Luther King eta Lincolnekin konparatu zuelako minduta agertu zen): «Ez baita egia. Justifika eta defenda daiteke hark indarkeria erabiltzea. Ez da errealitatea ukatu behar», eta ondoren hauxe zioen: «Mandela, bere ondorengo Zumak, poligamiaren alde dagoen beste `askatzailea'k, gogorarazi duenez, CNA bere alderdiko aparatu militarreko, terroristako, burua izan zen. Ez zion inoiz -ezta kartzelatik ateratzearen truke ere- terrorismoari uko egin. Ehundik gora atentaturen erantzule gisa zigortua, horietako bat Johannesburgoko geltokiaren leherketa, Amnesty Internationalek ez zuen inoiz kontzientzia preso gisa defendatu».

Mandelaren inguruko tabua barregarria gertatzen da. Negargarria, alegia. Oso aspaldi ez dela terrorista zena Obamak bezala Rajoyk, Merkelek eta munduko lider guztiek eredu -baketsua, jakina- jartzen digute. Eta ulergarria da. Izan ere, Mandela barkamenik eskatu gabe, amore eman gabe, inoren zoru etikorik onartu gabe hil da. Eta munduko estatuburuak haren omenaldira joan izana, eta munduko politikari gehien-gehienak hura eta haren borroka goraipatzea, hainbat biktimaren aurkako iraina da, behar bezalako demokraten arabera. Tabu horrek azaltzen du nola Mandela baketsuak kartzelan emandako 27 urte anker eta ikaragarriak huskeria diren Mandela terroristarentzat.