Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

Pipeline Master 2013: Sekulako lehia eta ikuskizuna surfaren hiriburu historikoan

Pipelinek berriz ere historia idatzi du. Mick Fanning australiarrak azken hamar segundotan lortu zuen ASPko titulu mundiala. Slaterrek zazpigarren aldiz irabazi zuen Pipelineko txapela, eta John John Florencek Triple Crown itzuliko koroa eskuratu zuen etxe parean.

Pipeline Master txapelketak aurreikuspen guztiak bete ditu aurtengoan ere. Lekuak, urautsiak eta munduko lehiakide onenek eskain dezaketen ikuskizun bikainari sekulako baldintzak eta lehia gogorra gehitzen bazaizkio, emaitza aurtengoa bezalako txapelketa borobila da, ezin hobea, bikaina.

Txapelketa honetan munduko ASPko titulua eskura zezaketen bi lehiakideen ibilbidea sekulakoa izan da Pipelineko azken txapelketan. Laugarren errondan Kelly Slaterrek lehen postua eskuratu zuen, beraz, zuzenean final laurdenetarako pasea lortu zuen. Mick Fanningek, ordea, ez zuen txanda pasatzea lortu. Baina beste aukera bat zuen: bosgarren erronda.

Pasa den larunbatean, Euskal Herrian arratsaldeko zortziak zirenean hasi ziren Pipeline Masters txapelketako azken errondak egiten. Eguraldi bikaina, erreka haizea olatuak orrazten, hiru edo lau metro eta muturreko baldintzak, ikusle ororen gozamenerako osagai ezin hobeak.

Bosgarren errondako txandekin hasi ziren, eta lehen txanda ikusgarria izan zen. Mick Fanning australiarra eta C.J. Hobgood estatubatuarra buruz buru. Mick Fanningek ez zuen olatu bat osorik egitea lortu txanda osoan. Floridakoak, berriz, olatu on bat egitea lortu zuen, beraz, Fanningek olatu bikain bat egin beste aukerarik ez zeukan txanda pasa eta aurtengo tituluaren alde borrokan jarraitzeko. Txandaren amaierarako minutu bat eskas falta zenean, ordea, australiarrak sekulako bonba hartu zuen eta 9,5 puntuko olatua egin zuen. Olatu horri esker pasa zen final laurdenetara.

Finalerdietara iritsiz gero munduko titulua eskuratzeko aukera zuen, baita Slaterrek txapelketa irabaziz gero ere, beraz, pausu oso garrantzitsua eman zuen bosgarren erronda pasatzea lortu zuenean.

Final laurdenetako lehen txanda sekulakoa izan zen, historikoa. Urautsian bi australiar, Yadin Nicol eta Mick Fanning. Azken honek txanda pasatzea lortuz gero aurtengo ASPko titulu mundiala eskuratuko zuen, beraz, ez zen edonolako txanda.

Yadin Nicol nagusitu zen txandak iraun zuen artean. Amaitzeko segundo gutxi batzuk falta zirenean, Yadinek 9,33 eta 7,57 puntuko bi olatu zituen. Fanningek, berriz, 7,33 eta 2,20 puntuko bi olatu baino ez zituen, beraz, 9,57 puntu behar zituen finalerdietarako pasea lortu, eta, ondorioz, aurtengo ASPko titulu mundiala eskuratzeko.

Txanda amaitzeko hamar segundoren faltan, talaian amaiera adierazteko erabiltzen duten klaxona astintzen hasi zirenean hartu zuen Fanningek azken olatua.

Behar zuen olatua zen, handia, borobila, azkarra eta garbia. Behar zituen puntuak lortzeko aukera bakarra zen eta ez zuen alferrik galdu. Jaitsiera luze baten ostean, taula olatuaren magalean jarri eta desagertu egin zen olatuaren erraietan, olatuak sekulako «sifoia» bota zuen kanpoaldera eta berekin zeraman australiar ilehoria kanporatu zuen. Besoak jasota atera zen Fanning zulotik.

Urertzean, argazkilari eta ikusleez inguratuta, epaileei begiratzen zien Fanningek, haiek emango zioten puntuazioaren arabera munduko ASPko titulua irabaz edo gal zezakeen. Bozgorailuek hitz egin zuten: 9,7 puntu eman zizkioten Fanningen azken olatuari, orduan bat-batean haien sorbalden gainean jaso zuten Fanning bere lagunek eta honek ezin izan zion negarrari eutsi. Izan ere, 2013ko ASPko titulu mundiala eskuratu berri zuen, hirugarren aldiz zen munduko txapelduna.

Fanning finalerdietara iritsita, Slaterrek munduko ASPko titulua eskuratzeko izan zezakeen aukera oro bertan behera geratu zen, beraz, Slaterrek zuen hurrengo helburua gutxienez WCT itzuliko azken proba irabaztea zen.

Finalerdietan puntako lau lehiakide izan ziren. Batetik Mick Fanning eta John John Florence. Hawaiiarrak irabazi zuen. Pipelineko urautsiaren pare-parean bizi da Florence eta beti bezala etxeko egongelan surf egiten ariko balitz bezala aritu zen, muturreko ariketak erraztasun handiz egiten.

Bestetik, Joel Parkinson iazko irabazlea eta Kelly Slater aritu ziren. Txanda hau ere ikusgarria izan zen, baina, azkenean, Floridakoa nagusitu zen.

Finalean, beraz, Pipelinen esperientzia handia duten bi lehiakide: Kelly Slater 11 bider munduko txapelduna eta John John Florence 11 bider Pipelineko txapelketa irabazitakoa. Bi lehiakideek ezagutzen dute bikain Pipelineko olatua eta biek daukate gaitasun sobera olatu egoki bat hartuz gero hamar puntuko tubo bat egiteko, beraz, afera argi zegoen: olaturik onena hartzea lortzen zuen lehiakideak irabaziko zuen.

Bi lehiakideek bizkarkako tubo ederrak egin zituzten, baina olaturik onena hartzea Kelly Slaterrek lortu zuen, eta, horrela, zazpigarren aldiz irabazi zuen Pipeline Master txapelketa ospetsua. John John Florence gazteak bigarren postua eskuratu zuen, baina ez zegoen triste, izan ere, Haleiwa eta Sunseten lortutako puntuei esker Triple Crown itzuliko koroa eskuratu zuen, beraz, pozarren egoteko arrazoiak ere bazituen.

Amaitu da 2013ko ASPko zirkuitua, orain datorren urterako prestatzea baino ez zaie geratzen lehiakideei. Tartean, Aritz Aranburu zarauztarra, datorren urtean TOP 32an izango baita.