Jon LEUNDA
sokatira

Sokarri eta Ñapurrak, orain arte nagusi

Ez da ezusterik izan, eta lehen jardunaldian onenak izan zirenak izan dira berriro ere 300 kiloko Lauko Txapelketako talderik onenak. Horrenbestez, haiek jokatuko dute datorren larunbatean Ibarran izango den final nagusia.

C eta D multzokoen txanda izan zen herenegungo saioan, izan ere, lau multzotan banatuta ari dira taldeak, eta horrek saioak bi egunetan ospatzera behartu du. Lehenengo, multzo bakoitzeko ligaxka jokatu zen, eta, ondoren, finalak. Horrela, bakoitzeko lehen sailkatuek finala jokatu zuten, bigarren amaitzen zutenek hirugarren postua, eta, horrela, azkeneko postua erabaki arte.

Lehen jardunaldiko hiru onenak ziren berriro ere faboritoak, baina bazegoen Abadiño ikusteko gogoa ere. Laugarren amaitu zuen lehen jardunaldian, eta oraingoan finalean sartzeko garaipena behar zuen, baina berdeak laugarren geratu ziren, eta, ondorioz, ezingo dute Ibarran jokatuko den final handian izan.

Sokarri B, Ñapurrak B eta Murueta izan ziren hiru onenak, aurreneko saioan bezalaxe. Hortaz, finalean izateko txartela eskuratu zuten, eta han izango dira garaipena lortzeko asmoarekin.

Atzo, berriz, A eta B multzoetakoak neurtu ziren, eta hauek egin beharreko lana ere bera zen. Aurrena ligaxka jokatu, bakoitzak bere multzoan, eta ondoren postuak erabakitzeko tiraldiak.

Hemen ere lehen jardunaldiko hiru onenak izan ziren onenak. Sokarri C, Ñapurrak A eta Ibarra B izan ziren berriro ere hiru onenak, eta haiek lortu zuten final handian aritzeko txartela.

Emaitzei begiratua, lehen fase honetan Sokarrik eta Ñapurrak taldeak erakutsi duten nagusitasuna nabarmendu behar da. Bi klub hauek finalerako bina talde sartu dituzte, eta garbi dago txapela lortzeko faboritoak izateaz gain, aukerarik gehien ere beraiek izango dituztela. Muruetak eta Ibarrak talde bana sartu dute finalean. Ez da ahaztu behar Ibarra etxean arituko dela eta haiek ere faboritoen zerrendan sartu beharko direla.

Atzo, nesken mailako 260 kiloko bigarren jardunaldia ere jokatu zen. Hemen ligaxka eran jokatuko da txapelketa osoa, eta datorren larunbatean izango da azken saioa Ibarran.

Nesketan Ibarra izan zen onena. Gipuzkoarrak orain arte erabateko nagusitasuna agertu dute, eta, gauzak asko okertzen ez baldin badira, garaipena beraientzat izango da.