J.L.
Aizkora

Atutxa faborito, Bizkaiko maila nagusiko finalean

Bizkaiko Lehen Mailako finala jokatuko da gaur Bilboko La Esperanza pilotalekuan, 12.00etan. Aitzol Atutxa buru dela jokatuko da neurketa, oso zaila izango baitute gainerakoek egungo txapelduna mendean hartzea.

Aitzol Atutxarekin batera, Aritz Irazabal, Julen Mendieta, Ernesto Ezpeleta Bihurri, Jesus Gisasola Zelai II.a, eta Xabier Garcia izango dira aurrez aurre arituko diren aizkolariak. Kirolari bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu.

Atutxak gainerakoei alde nabarmena kentzen die, eta berari zerbait gertatu ezean, garbi dago txapela berak jantziko duela. Euskal Herriko Lehen Mailakoan ere bigarren amaitu du aurten, eta etorkizunean Euskal Herriko txapel bat baino gehiago jantziko dituela uste dute zaleek. Finalean arituko diren besteak, berriz, Hirugarren Mailan daude, Irazabalen eta Garciaren kasuan, eta Bihurri, Mendieta eta Zelai, berriz, ez dira Euskal Herriko txapelketetan aritzen.

Badirudi lehiarik handiena bigarren posturako izango dela. Postu horretarako agertzen dira Mendieta, Bihurri edo Irazabal gaztea ere, baina Zelai eta Garcia ere ez dira ahaztu behar. Apurka-apurka aizkora jokoa Bizkaian indarra hartzen hasita dago, eta aurten ere Bigarren Mailako txapelketa jokatuko da. Datorren astean izango da norgehiagoka hori.

Apustuak

Gainerakoan, aizkora munduan apustuen asteburua izango da, gaur eta bihar izango baitira, baina bietan handiena biharkoa izango da. 12.00etatik aurrera, Tolosako zezen-plazan Arria V.a eta Zaldua neurtuko dira. Bakoitzak 20 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta ondoren 8 kilometro egin korrika. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen ditu dirutan, eta enborrak Xabier Zalduak plazaratuko ditu.

Ikusmin handia piztu du neurketa honek. Zalduak aurtengo hirugarren apustua izango du, eta Arria, berriz, azken urte hauetan plazetatik kanpo egon da. Hala ere, badirudi dirua errezildarraren alde aterako dela.

Gaur ere apustu mistoa jokatuko da, 12.30ean Doneztebeko pilotalekuan. Alex Txikon, Juan Telletxearen eta San Miguelen aurka neurtuko da. Txikonek 8 kana-erdiko ebaki eta ondoren 8 kilometro egin beharko ditu korrika. Beste aldean, Telletxeak egingo du aizkoran, eta San Miguelek, korrika.