Mikel Zubimendi
Kazetaria
TXOKOTIK

Orain eta hemen, orduan eta han

Gabon egunak lagun eta ezagun zaharrekin topo egiteko parada polita dira, aprobetxatzekoa. Eta suertatzen da ere, suertatzen denez, etsai zaharrekin, elkarri min emandako jendearekin topo egitea eta berba batzuk trukatzea. Jakina ezin duela batek mendeku gosez bizitza osoan elikatu, baina, ni neu ez naiz barkamen eta damuen oso aldekoa, ez dut sinisten gertatu dena gertatu eta beti «barkatu!» esaka aritze horren funtsa. Azken buruan, denok gordetzen dugu mindu gaituztenen zerrenda. Batzuetan zuk gordeko dituzu, besteetan zu gordeko zaituzte, baina zerrenda, ai zerrenda! hori hor dago egon. Eta zaila da oso ezabatzea.

Nire zerrenda partikularreko batekin hitz egin nuen Gabonen aitzakian, kalean topo eginda, edukazio onean. Drogen inguruan asko haserretu, amorratu, elkarri min emandakoak izan gara. Drogak kontsumitzea, harentzat, jarduera bat baino nortasun bat izan da, bizi estilo bat, normaletik kanpoko nitasuna, jende zuzen produktibo eta erreproduktiboa biltzen den eremuko mugaren beste aldekoa. Drogak mito bat izan ditu, sentsazio biziagoak, intimoagoak, errealitatea bera baino autentikoagoak aurkitzeko mapa. Idealizatu egin zituen, paradisu artifiziala sortu eta paradisu sentsorial eta sentsualarekin identifikatu. Pertzepzioaren ateak irekitzeko giltzatzat zituen, arrazoiak eta zientziak mugatutako iragan mistikoa, xamanengana bueltatzeko bidaia milenarista. Irudimenaren eta sormenaren biderkatzailea, bere hitzetan, pertsona mozolo bat jenio bilakatzen zuten. Larreostia bat ziren drogak.

Auto gorriarekin, motor orroak nabarmenduz, aukera bat, jokabide gazte eta harroa baieztatzen zuen. Begiratua eta epaitua izatea maite zuen, begiradak eta iritziak bereganatzea, eta pertsona guztiak ez daude horretarako prest. Minoriaren aldean boluntario, Happy Few sindikatukoa zen. Eta drogen inguruan ezker abertzaleak zuen jarrera abominazio politikotzat zuen.

Gaur jakin dut beste bizitza batean sartu eta bueltatzeko bidaia xamanikoa bukatu dela, orain eta hemen bizitzen segitzeko orduan eta handik hartutako indarrak xahutu dituela. Goian bego! Eta urruti-urruti, eder egizu bidea.