Igeldo diskurtsoan
Ez nuen entzun. Zeregin garrantzitsuagoak nituen-eta. Ez nuen entzun, baina biharamunean irakurri egin nuen. Errege espainiarraren diskurtsoaz ari naiz, jakina. Kontuz, baina, ez baitiot inori gomendatu nahi. Nik helburu zientifiko hutsa dela medio irakurri nuen, baina ez diot inori gomendatzen, eta ez testuak inor konbentzitzeko arriskuagatik, hain zuzen, eragin liezazkiokeen ondorioengatik baizik. Lepoa egingo nuke Iruñeko alkatearen semeak arretaz entzun zuela. Hurrengo egunean, pixa eginean zegoela udaltzainek errieta egin ziotenean, Iruñean immigrante eta euskal herritar pila bat dagoelako kexu agertu zitzaien.
Diotenez, eta hala entzun nuen lehengoan telebistako solasaldi gorri-hori batean, Juan Carlos Borbonek ez ditu bere diskurtsoak idazten. Nik ere hala uste nuen, baina urtean baino urtean uste sendoagoa dut berak idazten dituela. Ez didazue ukatuko topiko zaku hori idazteko ez dela letra fakultate bateko katedradun izan behar. Eta, hala ere, hurrengo egunean albiste nagusia izaten da. Erregeak Espainia batuaren alde hitz egin du. Zer espero zuten, ba, Katalunia independentziaren bideari lotu izana txalotzen agertzea? Beharbada, egia bat Agamenonek esanda haren txerrizainak esanda baino egiago ez bada ere, erresuma honetan gezur bat egia da Agamenonek esanda (gogoratu iazko «legearen aurrean berdinak gara denok»), eta baliteke politikari espainiarrek esaten dituzten ergelkeriak zentzuzkoak iruditzea erregeari entzunda.
Erregeak Katalunia aipatu ez bazuen ere, hartaz jardun zuen bere diskurtsoan. Ikusteko dago katalanak konbentzitu dituen. Igeldotarrentzat ere balio lezake. Nolanahi ere, Igeldok badu aipu garrantzitsu, argitsu eta fidagarriagorik; esate baterako, Etxahun Barkoxek «Mündian malerusik» bertso sortan egin ziona, Igeldoren berezitasunaren goragarri: «Barkoxeko herrian ez txerka Etxahon/ Haren hatzaman nahiz zabiltzenak ondon/ Bere khantoren hontzen ari da Igeldon/ Hain olhalte ederrik ezpeita Xiberon». Ez da gutxi zuberotar batek esanda.
Eman dezagun diskurtsoa idazten diotela. Areago, imajina dezagun eskribauari hipokrisia erakusketa hori idazteagatik ordaintzen diotela... Tira, ez da gehiegi imajinatzea, erregeari, bere diskurtsoak berak idatzi zein idatzi gabe, ordaindu egiten diote-eta.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
