Andoni ARABAOLAZA
Zortzimilakoak | Neguko denboraldia

Nanga Parbat xede duten hiru espedizioak prest dira dagoeneko

Dujmovits alemaniarra Diamir isurialdetik bakarka igotzen saiatuko da. Beste bi espedizioek, berriz, Rupal aurpegia aukeratu dute: Mackiewicz eta Klonowskik osatzen dute bat; Moro, Previtali eta Gottlerrek bestea.

Zortzimilakoak neguan igotzeko dagoen «lasterketa» martxan da dagoeneko. Soilik bi dira urtaro honetan sinatzeke dauden erraldoiak: K2 eta Nanga Parbat. Bada, hasi berri den denboraldi honetan azken zortzimilako horrek protagonismo berezia hartuko du. Izan ere, K2 mendiak ez bezala, Nanga Parbatek hainbat bisita jasoko ditu.

Hiru espedizioren berri emango dizuegu. Horietako bik Rupal isurialdea aukeratu dute. Eta, hirugarrenak, Diamir aurpegia. Hain zuzen, azken horrekin hasiko gara, Ralf Dujmovits alemaniarrak murru horretan bakarka jardungo duelako.

Berez, Darek Zaluski poloniarra espedizioaren hasieran alboan izango du Dujmovitsek: «Zortzimilakoaren lehen zatia Darekekin egingo dut, nire helburua glaziarraren beheko aldean bide egokiena bilatzea baita. 5.000 metrotik gora, berriz, bakarrik ariko naiz».

Abenduan zehar Aconcaguan girora egokitzen aritu ondoren, hegazkina hartu eta pasa den 19an Islamabad Pakistango hiriburuan zen jada Dujmovits. Alemaniarrak aurreratu duenez, ez du sokakide egokirik lortu zortzimilakoari ekiteko: «Azken urteotan nire emazte Gerlinderekin eskalatu dut, baina ez du etorri nahi izan. Nik berebiziko garrantzia ematen diot sokakideari, eta aitortu behar dut ez dudala inor aurkitu».

Oraindik ez du eskalatu behar duen bidea aukeratu, baina, itxura guztien arabera, «Kinshoffer» bidetik igoko da: «Diamir isurialdea haizeteengatik Rupalekoa baino askoz ere babestuagoa dago. `Kinshoffer' bidea ondo ezagutzen dut. Agian, aldaera bat hauta dezaket. Ez dakit... han erabakiko dut».

Simone Moro berriro

Bien bitartean, David Gottler, Emilio Previtali eta Simone Morok osatutako taldeak Rupal aurpegian jardungo du. Neguko zortzimilakoetan duen eskarmentuagatik Moro izango da taldeko burua: «Pasa den udan Diamir isurialdeko kanpaleku nagusian izaniko erasoen ostean, aurpegi hori itxita egon da. Guk Rupalekoa aukeratu dugu, eta dena ondo badoa, `Schell' bidetik igoko gara. Iruditzen zaigu bide agerikoena eta arrisku gutxien duena dela. Baina, era berean, jakin badakigu oso-oso luzea dela».

Gogora dezagun, Simone Morok bigarren saioa duela Nanga Parbaten. Duela pare bat urte Denis Urubkorekin saiatu zen, baina eguraldiarengatik atzera egin zuten. Hirukotea ere estilo alpinoan saiatuko da.

Poloniarrak

Eta, jakina, poloniarrek ere ezin izan diote neguko hitzorduari muzin egin. Morok eta enparauek bezala, Tomasz Mackiewicz eta Marek Klonowskik ere Rupalen altxatu dute kanpaleku nagusia.

Poloniar hauek laugarren negua dute Nanga Parbaten; jarraian, gainera. Berri guztien arabera, sokada hau ere «Schell» bidean sartuko da. Eta ulertzekoa da: marra hori ondo baino hobeto ezagutzen dute.