J.L.
Harri-jasotzea

Bi jasoaldik erabaki dute hasierako jardunaldia

Asteasun abiatu zen herenegun ere harri-jasotzaileen lehiaketa, eta Urruzono eta Izeta IV.a izan ziren lehen puntua eskuratu zutenak, Izeta II.a eta Lopetegi mendean hartuta.

125 kiloko errektangularra izan zen erabili zuten lehen harria, eta bi minututan 24 aldiz jaso zuen Izeta II.ak eta bi gutxiagotan Izeta IV.ak. Bigarren lanean 100 kiloko zilindro zaharra erabili zuten, eta bi minututan 26 aldiz jaso zuen Lopetegik; Urruzunok, berriz, 31 aldiz. Ondoren, txanda librean, 100 kiloko kubikoa jaso behar izan zuten bi minutuko epean, eta 25 aldiz jaso zuten Izeta II.ak eta Lopetegik, eta 23 aldiz Izeta IV.ak eta Urruzunok.

Azkenik, 100 kiloko bola jaso behar izan zuten txanda librean, eta Izeta IV.ak eta Urruzonok 32 aldiz jaso zuten bi minutuko txanda batean, eta 31 aldiz Izeta II.ak eta Lopetegik. Denera 11.350 kilo jaso zituzten Izeta IV.ak eta Urruzunok, 108 jasoaldi, eta 11.200 kilo Izeta II.ak eta Lopetegik, guztira 106 jasoaldi bizkarreratzea lortuz.