Erretreta plana eta frantsesen harrokeria
Donostiako Antigua auzotik Ondarretako hondartzaren muturreraino, Haizearen Orraziraino pasieran iristea plazer handia da niretzat. Txillidaren eskulturez gain, itsasora, Kontxako badiara eta hirira, eskaintzen duen ikuspegi ederrak liluratzen nau eta aukera dudan orotan hara eskapatzen naiz. Toki kuttuna dut, bizitza arnasteko eta ametsak urrutiko horizonteetan desitxuratzeko paregabea.
Aurrekoan, baina, bi gertakarik nire atentzio bereganatu zuten. Zoruan begiratu eta bolkanikoa zirudien harri koxkor beltz eta guria gurutzatu zen nire bidean. Ez zuen bereizgarri zitzaion ezer, ez zen inongo manifestari haserreturen eskuetan maitasunez heldua izango, ez zuen uniformatutako Goliatik garaituko, baina bere misterioek kezkatu ninduten. Pentsatuz eta pentsatuz, konturatu nintzen diamante poliedriko perfektuenak ere ez zituela harritxo hark gordetzen zituen dohainak. Konturatu bainintzen bere ezdeusean harri direnek biziberritzeko indarra beren baitatik elikatuz jasotzen dutela. Eta orduan, inoiz damutuko ez zaidan erabakia hartu nuen: harritxoa hartu eta patrikaratu beharrean, nire bidean segi eta bake-bakean utzi nuen.
Turistak lepo izanik inguruan, buelta eman eta hara non ikusten dudan bat harritxoari kristoren ostikada ematen! Frantsesa zen, adinean aurrera sartutakoa eta harria hartu eta bere tokian uzten ikusi ninduelako-edo, hitz batzuk trukatu genituen. Nire harridurarako, zahartzaroa bermatua zuen banku lapurra zen, hainbat urtez preso egon arren geratzen zitzaizkionak topera bizitzeko «kolpe maestroa» emandakoa. Bere asoziatuak konfiantzazkoak izan zirela aitortu eta lapurreta perfektuaz hitz egin zidan, harrokeria ukitu batez, gaitz soportatu nuena.
Nik neuk, listo-listo tonto-tonto, erretreta plan mundiala nuela aipatu nion, baita sobera diruz benetan ondo biziko nintzela ere. Burtsan negozioa egingo nuela, akzioak erosi eta akzioak saldu lasai bizitzeko. Bera bezalako frantses bat bere gizatasunaren balioan erosiko nuela, eta, saldu, berriz, bere buruari ematen dion balioan salduko nuela. Eta ziur nintzela, negozio borobil-borobila izango zela benetan. Gustura geratu nintzen, oso.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
