Arkaitz Irureta Arrieta
GUTUNAK

Elgoibarko paradoxa

EAEn frackinga debekatzeko Legebiltzarrean herri ekimen legegilea aurkeztu zuten egun berean, Elgoibarko udalbatzak, EAJren eta PSOEren botoei esker, herritarrak defenditzeari muzin egin, eta enpresa pribatuen mesedetako testua adostu zuen, beste behin ere. Gipuzkoari eragiten dion Sustraia Fracking proiektuaren barruan dago Elgoibar.

Horregatik, Bildu talde politikoari esker, herri eskaria udal eskari izatera pasa zen 2013ko azken udalbatzan. Elgoibar fracking gabeko herri izendatzea proposatu zen (hainbat herritan aho batez onartzen ari direna).

Baina, Elgoibarren EAJk kontramozioa aurkeztu zuen PSOEren babesarekin. Ondorioz, Elgoibar EkoFracking-aren alde dagoela erabaki da.

Eta zer da EkoFrackinga?

Asmatutako hitz bat da, baina EAJ eta PSOE jokatzen ari diren terrenoaren adierazgarri da. Ez diote muzin egin nahi frackingari, baina hain apustu arriskutsua dela oharturik, herritarrak masiboki kontra agertu ohi direnez, ez dute hauteskundeetan herritarren babesa galdu nahi eta itxurakerietan dabiltza. Frackingean sustantzia kimiko oso kutsagarriak erabiltzen dira beti eta oso arriskutsua da. Ez da EkoFrackingik existitzen, ez engainatu biztanleria!