Xabier Izaga
Kazetaria
TXOKOTIK

Harrotzeko eguna

Auzitegi Nazional espainolak uko egin zion atzo frankismo garaiko krimenak ikertzeari. Ikerketa eskatua zuen epailea bakarrik geratu zen osoko bilkuran bere eskaria bozkatu zutenean. Demokraziak, espainiarrak behinik behin, horrelako gauzak ditu, txarrerako edo txarrerako.

Aldi berean, edo lehentxeago, edo geroxeago, Auzitegi bereko epaile batek debekatu egin zuen gaurko Bilbon deituta zegoen mobilizazioa, Herriraren jarduerak «bertan behera utzarazteko ebazpena saihestu» nahi omen zuelako. Herrira erakunde terrorista dela erabaki zuten Eloy Velascok eta epaile ez diren Rajoy, Fernandez, Guardia Zibila, Urquijo, AVTk... Horrenbestez, Tantaz Tanta ekimena ere hala omen da. Eta EAJ ere... ez dakit, ba. Haitzulo sakonenetako hedabideak irakurriko ditugu gaur.

«Demokraziarentzat albiste handia da debekua», esan zuen Gorka Maneirok. Izenondo hori erabili zuen, baina «ona» esan nahi zuen, jakina. Eta, bide batez, bere gustuko demokraziaren deskripzioa egin zuen. Debekuak albiste ontzat jotzen dituen demokrazia, hain zuzen.

Upeideiroaren demokraziaren izenean debekatzen du behin eta berriz PPk. Frankismoko giroa eta jazarpena berpizten ari da demokrazia bitxi horri zentzua emateko. Eta ez dio axola Euskal Herriko herritarrek bizkarra emateak, Katalunian bezala, herritarren atxikimendua galdutzat joa du eta. Katalunian eta hemen ez dira ia ezer, eta ezer ez izateko bidean dira. Beren presentzia guztia Urquijoren adierazpen tragikomikoak baino ez dira. Eta errepresioa. Boterea, Guardia Zibilaren, Poliziaren eta Armadaren gaineko agintea eta adostasuna dituztelako egiten dituzte horrelako erakustaldi bortitzak eta presoen aurkako etengabeko erasoak. Baina hemen ez dute legitimitaterik batere. Gehiengo absolutua dute, boto espainiar ugariena, eta boto horiek elikatzea da euren ardura bakarra. Hemengo legitimitatea galdutzat joa dute.

Gaizka Aranguren bere anaia Asierrekin bezain harro dago Kantauri itsasoa, eta belearen karrankak entzundakoan, are harroago. Gaur Bilbon izateko eguna da, olatu, itsaso, tsunami bihurtzeko eguna. Norbera busti eta Bilbo bustitzeko eguna. Giza eskubideen, bakearen, konponbidearen alde. Askatasunaren alde. Duintasunaren alde. Euskal presoen alde, jakina.