J.L.
Aizkora

Joxemari Olasagastik bi apustu jokatuko ditu datozen hiru hilabeteetan

Joxemari Olasagastik desafioa bota zuen orain dela aste bat, eta bere deialdiak sekulako erantzuna izan zuen, lau aizkolari joan baitziren Tolosako Kantabriko tabernara. Igeldokoak, azkenean, bi apustu hitzartu zituen. Beraz, igeldotarrak ez du orain lan faltarik izango.

Lehen apustua Arria V.arekin jokatuko du martxoaren 9an, Tolosako zezen plazan. Hor aizkolari bakoitzak hamabi oinbiko erdibitu beharko ditu, eta enborrak erdibana plazaratuko dituzte. Aizkolari bakoitzak 6.000 euro jokatuko ditu dirutan.

Bigarren apustua Jon Irazuren aurka jokatuko du apirilaren 27an, Tolosako zezen plazan bertan. Han ere bakoitzak 12 oinbiko erdibitu beharko ditu, eta alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen ditu dirutan. Bigarren apustu honetan, ordea, Irazu izango da enbor guztiak plazaratuko dituen aizkolaria.

Azurmendi eta Lopez izan ziren Igeldokoarekin apustua egiteko asmotan joan ziren beste aizkolariak, baina ez zuten akordiorik lortu. Azurmendirekin hitz egin zuen Olasagastik, baina ez ziren ados jarri. Lopez izan zen azkena iristen, eta, Olasagastik jada beste bi apustu eginak zituenez, nafarrekin egin gabe geratu zen.