«Cabacas auzia» argitzeko lekukotasun berria
Iñigo Cabacasen heriotzaren auzia instrukzio fasean dago oraindik, baina aurrera jarraitzen du. Hartarako, erabakigarria izan zen familiaren ekina, arduradun politikoenaren faltan. Erantzukizun politikoak argitzeko borondate falta ere nabarmen agertu zuten Gasteizko Legebiltzarreko talde gehienek, basauriar gaztearen familiak eskatutako ikerketa batzordea osatzea baztertu zutenean. Ertzaintza deslegitimatzea eta epaiketa paraleloak egin nahi izatea egotzi zioten EH Bilduri, epaitegiek erantzukizun politikorik ikertuko ez duten arren. Edonola ere, auzia aurrera doa epaitegian, eta inputatuta dauden ertzainak hil amaieran deklaratzera deitu dituzte.
Baina kasuaren inguruko berritasunik ere izan zen atzo, Ana Torres epailearen aurrean deklaratu zuen lekuko batek 2012ko apirilaren 5ean Maria Diaz de Haro kalean gertatutakoa argitzeko datu berriak eman zituen-eta, familiaren abokatuak adierazi zuenez. Cabacasek heriotza eragingo zion pilotakada jaso zuenean, haren ondoan zegoen lekuko horrek epaileari esan zionez, lagun biren arteko borrokaldi bat izan zen bertan, baina ondoren ez zen Ertzaintza oldartzeko moduko istilurik izan. Epaitegiek erabakiko dute, jakina, baina gero eta zailagoa ematen du jokaera hura zuritzeak. Esan liteke gutxienik desegokia izan zela. Hitz horixe erabili zuen atzo EAEko fiskal nagusi Juan Kalparsorok.