RITXI AIZPURU
MUSIKA ARGITARATZAILEA

Musikaren lurraldeak

Izan dira garaiak, gugandik gero eta urrunago denboran, non lurraren jabetza ez zen ulertzen jabego pribatu modura. Komunitateari zegokion lurrak zaintzea, lantzea, kudeatzea eta ustiatzea, hango biztanleen bizimodua aurrera ateratzeko. Lurraldeak ez zuen behar inolako defentsarik, komunitatearen beraren ohitura zaharrek derrigorrezko babesa eskaintzen baitzioten komunitate pentsamenduari eta haren eguneroko jardunari. Euskarak lehen pertsona plurala erabili izan du gehiago, haren singularra baino. «Gure» terminoaren erabilera hedatua zegoen bizitzaren atalik garrantzitsuenetan, auzolana zuela lagunik erabakigarriena. Komunitatearen botere ez hertsatzaileak talka egin du bizitza antolatzeko kontzeptu kapitalistarekin, botere harremanek merkantilismoaren alde egin baitute. Gobernuek beti bultzatu dute gutxi batzuen eskuetan pilatzea merkantzia eta agintea. Komunitateak bere babesa eskaini ohi dio norbanakoari, eta lurrari berari utzi ongi datorkion autokudeaketa egiten. Haren aurka doanean, gatazkak sortzen dira bizimoduaren inguruan, eta borroka nagusia, orain, lurraldea energiarako baliabide gisa ustiatzearen eta hiriguneak lotzeko azpiegitura erraldoien aurkakoa da. Katalunian lurraldearen defentsa komunala bultzatzen duen kolektiboa da «Argelaga» aldizkari libertarioa, garapen dekrezentista altxor ideologikotzat hartuta estatu oligopoliozaleen aurka. Miquel Amoros pentsalaria horren atzean dago. Argelaga euskaraz «otea» da. Musikaren lurraldeak bere ekarpena erakutsiko digu autokudeaketaren bidea indartuz. Musika kudeatu, hausnartu, entzun, sortu. Musikarentzat lurralde guztiak dira egoki. Otearentzat ere bai, polita bezain kolonizatzailea da. «Otea lili denean» (1995) diskoak Iparraldeko kultura bikain erakutsi zigun Jean Mixel Bedaxagar musikariaren eskutik.