Zuzeu albistaria, Bingen Iturrieta 2014/01/29
HEMEROTEKA

Zer lortuko du EH Bilduk Europara bakarrik aurkezten bada?

(...) Maiatzean datoz ezaxola gehien sortzen duten hauteskundeak, Europako Parlamentukoak. Euskal Herriko bi indar nagusiek, EAJk eta EH Bilduk, azkenean nahiko argi erakutsi dute zein izango den haien bidea. Frente subiranistarik ez. Tradizioari segiz EAJk CiUren eskutik egingo du jolas, bi parlamentari aise lortzeko adina. Independentistak, ordea, umezurtz gelditu dira. Sorturen inguruko CUP ez da aurkeztuko, eta 2004an EAren eta 2009an EA nahiz Aralarren bazkide izan den ERCk bere bidea egingo du (milioi erdi boto ingururekin ordezkaria eskuratuko du).

(...) Europako hauteskundeen kontaketaren aipamena egin behar da. Espainiako estatua barruti bakarra izaten da, Madrilgo Kongresurako bozetan ez bezala. 54 ordezkari izango ditu Espainiako Erreinuak eta ez da lurralde bereizketarik egiten.

2009an espainiar estatuko biztanleen %45 joan zen hauteslekuetara. 2014an, Europaren krisi instituzional eta ekonomikoaren zuloan, inork gutxik uste du parte hartzea handitu denik. Justu kontrakoa. Ondorioz, zenbat eta boto gutxiago, orduan eta errazagoa izango da indar txikientzat (PP-PSOE ez direnentzat) eserlekua erdiestea. Tartean daude EH Bildu ez ezik, alderdi ultraeskuindarrak (UPyD, Vox) eta ezker espainiarreko apustu berria: Podemos.

Gauzak horrela, 200.000-270.000 boto izango da ordezkaria lortzeko langa. Gai izango da EH Bildu marra horretara heltzeko? (...)

Agerikoa da. Emaitzak errepikatuz gero, langa gaindituko dute indy edo independentistek. Hautesleak mobilizatzeko gaitasuna izango da emaitzaren gakoa. Gorabehera handirik izan ezean, EH Bilduk Europako Parlamentuan ordezkari politiko bat izatea lortuko du.