Jon LEUNDA
sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Abadiño da hirugarren txapela lortzeko faboritoa

Bilboko La Casilla kiroldegian izango da 600 kiloko final nagusia. Leku berean jokatuko da emakumezkoen 500 kiloko ligaxkako bigarren jardunaldia.

Gizonezkoetan, denboraldiko hirugarren txapela banatuko da gaur Bilboko La Casilla kiroldegian, hantxe jokatuko baita 600 kiloko finala. Aurretik 640ko eta 680ko finalak jokatuta daude, eta bietan Abadiño izan da irabazle. Oraingoan ere bizkaitarrak aterako dira faborito, nahiz eta jakin horretarako lan handia egin behar izango dutela, aurkari on asko izango baitituzte aurrean.

Abadiñorekin batera, Ñapurrak, Sokarri, Ibarra, Murueta eta Iparralde neurtuko dira. Ñapurrak izan da ligaxkan Abadiñok topatu duen aurkaririk gogorrena. Lehen fase honetan, berdeek saio bat irabazi zuten, eta lapurtarrek, berriz, beste bat. Ezpeletakoek ere oso talde ona dutela erakutsi dute, eta garbi dago haiek ere txapelaren bila joango direla Bilbora.

Hala ere, gainerako taldeak ere ez dira ahaztu behar. Sokarrik orain arteko saioetan oso itxura ona eman du, baita aurreko pisuetan ere, eta horiek ere saiatuko dira garaipena lortzen, orain arte ez baitute lortu. Ibarra ere talde ona da, beti aurrean izaten den horietakoa. Iparralde eta Murueta, berriz, hauek baino berriagoak dira, eta helburu nagusia betea izango dute, finalean arituko baitira. Munduko Txapelketa ate joka dago, eta taldeak ere oso une onean daude. Hori ere erakutsi nahiko dute.

Emakumezkoak

Emakumezkoetan, 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da La Casillan bertan. Hemen lau talde bakarrik aritu direnez, hiru jardunalditako saioa bakarrik jokatuko da. Jadanik bat izan da, eta Bilbon bigarrena izango da. Hori kontuan hartuta, eta lehenengoan zer gertatu zen jakinda, gauzak estu doaz.

Izan ere, aurreneko jardunaldian, Gaztedi eta Ibarra berdinduta geratu ziren. Bien artean ia alderik ez dago, eta bietako edonork lor lezake garaipena. 540koan ere gauzak oso estu izan ziren, eta han Ibarrak eraman zuen txapela, beraz, oraingoan bizkaitarrak saiatuko dira gauzei buelta ematen. Hala ere, gaurkoaz gain, beste jardunaldi bat ere geratuko da.

Badaiotz geratu zen hirugarren aurreko jardunaldian, eta badirudi postu hori dela beraientzat dagoena. Ez da orain dela urte batzuetako talde bera, baina oraindik ere tiralari oso onak ditu, eta kontuan hartu beharko da. Aurten aurre hartu diote aurrekoek, baina denboraldia amaitu aurretik erakutsi nahiko dute euren indarra.

Bizindar da laugarren taldea. Artziniegakoak orain arte jokatu dituen tiraldi guztiak galdu egin ditu. Ez du talde txarra, baina aurreko hirurek ikaragarrizko tiralariak dituzte, eta haiekin lehiatu eta mendean hartzea oso zaila dute.

Azkeneko jardunaldia datorren larunbatean jokatuko da Ezpeletan eta han erabakiko da maila honetako txapela, baldin eta gaur ezuste handiren bat gertatzen ez baldin bada.