J.L.
Aizkora

Ataungo San Gregorion erabakiko da B multzoko aurreneko postua

Urrezko Aizkoran, B multzoko lehen postua erabakiko da, bihar Ataungo San Gregorioko pilotalekuan jokatuko baita azkeneko jardunaldia, 12.00etan. Iñaki Azurmendi eta Unai Otaño, Ugaitz Mugertzaren eta Aitzol Atutxaren aurka neurtuko dira. Bikote bakoitzak Erasun eta Rekondo mendean hartu dituzte, eta finalerdietan daude.

Ikusmin handi samarra piztu duen saioa da; izan ere, txapela irabazteko ere bi bikote faboritoetakoak baitira. Sei lan egin beharko dituzte.

Gaur, berriz, 19.00etan Beizamako Ilaunpe pilotalekuan Zilarrezko Mailako kanporaketa jokatuko dute. Eneko Otaño eta Eneko Saralegi, Oihan Larretxearen eta Juanillo Rodriguezen aurka neurtuko dira. Kanporaketa oso erakargarria izango da, eta hemen ere ez da ikusminik faltako. Eneko Otañok, gainera, lehen aldiz jokatuko du txapelketako saio bat bere herrian, eta seguru asko ere ez du animo faltarik izango.