J.L.
Aizkora

Mugertza II.a eta Atutxa II.a izan dira B multzoko onenak

Atzo amaitu zen Binakako Urrezko Aizkorako lehen fasea, eta B multzo honetan Mugertza II.a eta Atutxa II.a izan ziren onenak, atzo mendean hartu baitzituzten Unai Otaño eta Iñaki Azurmendi. Hala ere, biak zeuden finalerdietarako sailkatuta.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta Atutxa eta Mugertza gailendu ziren, enborra 37an bota baitzuten. Lauren aldea kendu zieten aurkariei. Ondoren, tamaina bereko enborra zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren, eta berriro ere beraiek irabazi zuten, lana 54 segundoan amaituta, sei segundoko aldearekin.

Hirugarrenean, kana-erdiko enborra ebaki behar izan zuten, eta berriro ere Atutxa eta Mugertza gailendu ziren. 1.51 izan zen beraien denbora, eta 27 segundo kendu zizkieten gipuzkoarrei.

Laugarrenean, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta horixe izan zen Otañok eta Azurmendik irabazi zuten bakarra. 3.02 izan zen beraien denbora, aurkariak baino lau segundo azkarrago. Bosgarrenean, aldiz, 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita ebaki behar izan zituzten. 2.34 izan zen Mugertzaren eta Atutxaren denbora, eta 2.47 gipuzkoarrena. Azkenik, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten, eta 11 minutu eta 59 segundoan amaitu zuten lana Atutxak eta Mugertzak, 44 segundoko abantaila lortuz. Denera, 21 minutu eta 2 segundo izan zen Mugertzaren eta Atutxaren denbora, eta 22.32 Azurmendirena eta Otañorena.

Bestalde, Zilarrezko mailan, Eneko Otañok eta Eneko Saralegik finalerdietarako txartela lortu zuten, Beizaman Oihan Larretxea eta Juanillo Rodriguez mendean hartuta. Beizamakoak eta Leitzakoak oso erraz lortu zuten garaipena, proba guztiak irabaziz. Lan guztiak 16 minutu eta 45 segundoan amaitu zituzten, eta 19.43 izan zen Larretxearen eta Rodriguezen denbora.