Jon LEUNDA
sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Txapelik lortu ez dutenek azkeneko aukerak dituzte

Gaur Ezpeletan izango dira saioak, eta bihar goizean, berriz, Ibarran.

Munduko Txapelketa ate joka dago, eta Euskal Herrikoak azkeneko bi egunak izango ditu gaur eta bihar. Horrekin amaituko dira geratzen diren hiru txapelketak, eta datorren astean nazioarteari begira jarriko dira.

Gaur, 17.00etan, Ezpeletan jokatuko da 560 kiloko finala eta emakumezkoen 500 kiloko azken jardunaldia. Gizonezkoetan pisu hau jardunaldi batean erabakiko da; beraz, gaurkoan egingo dute dena. Abadiño, Sokarri, Ñapurrak eta Iparralde neurtuko dira. Orain arteko pisu guztietan nagusi atera da Abadiño, eta gaurkoan ere faborito izango da. Ñapurrak ere denboraldi bikaina egiten ari da, eta etxean arituko dela kontuan hartuta, ezin da baztertu. Sokarri bera ere maila handiko taldea da, eta badirudi, beti ere Abadiño faborito dela, hiruren artean egon daitekeela txapela.

Emakumezkoetan hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da, eta oraindik dena erabakitzeko dago, nahiz eta Gaztedik abantailarekin ekingo dion azkeneko saioari. Puntu bateko aldea ateratzen dio Ibarrari, eta bi eta erdi Badaiotzi. Azken honek ia ez dauka txapela lortzeko aukerarik. Gaztedik aurrena amaituko balu, txapela beretzat izango litzateke. Ibarrak gaurko saioa irabazten badu, kitarakoa jokatu beharko lukete. Ibarrak lehenengo amaituko balu, eta Gaztedi azkena geratuko balitz, txapela Ibarrak eramango luke.

Azkenik, bihar, 11.30ean Ibarran jokatuko da 600 kilo mistoko finala. Ibarra A, Ibarra B, Berriozar, Gaztedi A, Gaztedi B eta Badaiotz lehiatuko dira. Ibarra taldea etxean arituko da, eta faborito atera daiteke. Bi zortziko plazaratuko ditu, eta helburu horrekin aterako dira. Gaztedi bera ere ez da baztertu behar. Final hau ere jardunaldi bakar batera jokatuko da.