J.L.
Aizkora

Urrezko lehen finalerdia jokatuko da Mendaron

Urrezko Aizkora eta Zilarrezko Aizkora une gorenera iristen ari dira. Maila nagusian bihar jokatuko da aurreneko finalerdia, eta bigarrengoan, berriz, gaur jokatuko da hirugarren eta azkeneko finalerdia.

Maila nagusian, bihar eguerdian, 12.00etan, Mendaroko Goñati pilotalekuan jokatuko da Urrezko Aizkorako lehen finalerdia. Bertan, Donato Larretxea eta Felix Etxeberria Iñaki Azurmendiren eta Unai Otañoren aurka neurtuko dira.

Bikote nafarra A multzoko onena izan zen, eta orain arte jokatutako saio guztiak irabazi egin ditu. Gipuzkoarrak, berriz, B multzoan bigarren izan dira, saio bat irabazi eta bestea galduta.

Unai Otaño eta Iñaki Azurmendi txapela lortzeko faboritoen zerrendan daude, baina nafarrek eskarmentua soberan dute. Sei proba ezberdin egin beharko ditu bikote bakoitzak, eta oso zaila izango da iraupen probara arte ezer erabakitzea.

Tartean badira, ordea, zutik jarritako enborrak, eta hor oso trebeak dira bai Etxeberria bai Larretxea, eta Azurmendik eta Otañok kontuz ibili beharko dute hor tarterik galdu nahi ez badute. Irabazleak lortuko du finalerako txartela.

Bigarren finalerdia otsailaren 23an jokatuko da Oñatin, eta bertan Mugertza II.a eta Atutxa II.a, Olasagastiren eta Kañamares III.aren aurka neurtuko dira. Azken hau bi mailatan ari da lehiatzen, eta bietan finalerdietan da. Bietan finalera iristen bada, antolatzaileek zerbait erabaki beharko dute.

Beizamako Ilaunpe pilotalekuan jokatuko da gaur 19.00etan Zilarrezko mailako azkeneko finalerdia. Eneko Otaño eta Eneko Saralegi Julen Kañamaresen eta Arkaitz Jauregiren aurka neurtuko dira. Irabazleak lortuko du finalerako txartela. Otañok eta Saralegik joan den astean Beizaman bertan lortu zuten garaipena Larretxearen eta Rodriguezen aurka, eta itxura paregabea eman zuten. Hala ere, oraingoz oso bikote arriskutsua izango dute aurrean. Maila honetan, hiru bikote izango dira finalean, eta jadanik sailkatuta daude Mugertza III.a eta Larrañaga, bai eta Daniel eta Iker vicente ere.

Idi probak

Azkoitiko probalekuan jokatuko da gaur, 22.00etan, Euskal Herriko Txapelketa. Bertan, iazko idi parerik onenak lehiatuko dira. Lopategiren, Ereñozagaren eta Artzadunen uztarriak arituko dira ordu erdian harriari tiraka. Ikusmin handia piztu du neurketa honek, eta sarrera bikaina izango du probalekuak, eta idizale ugari bertaratuko da.

Euskal Herriko Zaldi-mando Proba Txapelketako finalak ere jadanik badu data eta ordua. Otsailaren 23an jokatuko da Aulestiko probalekuan, 18.00etan. Hemen ere, joan den urtean Euskal Herriko probalekuetan aritu ziren hiru abererik onenak lehiatuko dira, alegia, Koba, Uriarte eta Erauskinen abereak.