Maider Eizmendi
Kazetaria
TXOKOTIK

Barrerik ez, barrerik ezin, nahi ez duenari

Agertokira igo eta parean jarritakoei barrea eragitea helburu duten umoregi- leen lana benetan estimatu eta baloratu dut beti. Sekulako meritua dutela uste dut, barrea bezain bote prontoko erreakzioa bilatu nahian egiten duten lan eta esfortzuagatik. Balio egin behar du horretarako ere. Badut lagun bat hitz eta keinuen bidez edozein txiste barregarri egiteko gaitasun apartekoa duena. Artea du amaitu aurretik entzuten gauzkanak algaraka jartzeko, txistea hasi eta buka. Hura gogoan hartu eta inori kontatzeko saialdia egiten hasitakoan konturatzen zara zeinen garrantzitsua den kontalariaren papera eta trebezia; izan ere, zenbat alditan ez ote naiz damutu halako kontakizun bat egiten hasi izana, amaierara heldu eta behartutako irribarretxoa baino ez dudala eragingo konturatu izan naizenean? Trantzea pasa eta lehenbailehen amaitzea besterik ez zaizu pasatzen burutik une horretan. Balio egin behar du batek.

Irria eragin nahi duenaren talentua bezain garrantzitsua da parean jarritakoaren aldartea, umorea eta barre egiteko duen aldez aurretiko jarrera. Bai, barrerik egin nahi ez duenari, izan ere, zaila da irribarretxorik eskasena ere ezpainetara ekartzea. Inola ere ez dela konformatuko pentsatzen duena konforme uztea adina.

Ostiralean Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak Euskal Herrian egin zuen agerraldia eta ETAk bakebidean emandako pausoak, ikuslerik exijenteenak kontentatzeko modukoak izan dira eta, horregatik, Euskal Herrian eta mundu zabalean eragin du notiziak itxaropen irribarrea. Muturbeltz, berriz, beti-betikoak agertu dira. Bada, izan ere, inoiz ere irri egiteko prest ez dagoenik; guztiek irri egiten duten bitartean kopetilun mantentzen saiatzen denik; eta are eta okerragoa dena, albokoen umorea zapuztu beste helbururik agertzen duenik. Irririk ez dute egin nahi eta erridikuluaren mugan dantzan dabiltzan horiek dira, hain justu, euren jarrerarekin, bestelakoa baino auzo-lotsa eta barregurarik handiena eragiten dutenak.