Iker BIZKARGUENAGA
CUMBRE CAPITALISTA EN EUSKAL HERRIA

Titaniozko kaiolan ez da lokatzik zapaltzen

Guggenheim museoa dagoen zelaigunea txabolaz beteta zegoen duela mende erdi inguru, eta bertan lokatz artean bizi ziren -bizi edo- lan bila heldutako milaka lagun. Handik metro gutxira, 80ko hamarkadan ehunka langilek beren lanpostu eta duintasuna defendatu zituzten su eta ke artean. Alabaina, «Bilbo berriko» ikur bihurtu den eraikinean atzo bildutako gehienek ez zuten hori guztia ezagutzen, eta ezagutzen zutenek ez zuten aipatu.

Langile eremua izandako Ibaizabalen bazter horretan topatu zuten habia mundu osotik heldutako agintariek, eta, jakina denez, agintariek agintarien kontuez hitz egiten dute. Beraz, ez zen tarterik izan txatarrezko txabolei edo Euskaldunako borrokari buruz ezer esateko. Iñigo Urkulluk bai, aipamen bat egin zuen ontziolei eta portuko lanei buruz, baina, nork entzun zion lehendakariari? Harekin heldutako sailburuek bai, ziur asko, baina bestela inork gutxik.

Etxeko jabearen papera baino maizterrarena jokatu zuen Urkulluk. Ondo zekien atzokoa ez zela bere eguna. Global Forum Spain izena jarri zioten hitzorduari, eta «Global» eta «Forum» baino letra handiagoz idatzita ageri zen «Spain» kartel guztietan; gauzak argi. Hitzaldiek ere nabarmen erakutsi zuten zein zen gailurraren xedea: espainiar ekonomiaz berba egitea eta, bide batez, ekonomia horren ustezko piztea txalotzea. Eta horretaz jardun zuten, Juan Carlos Borboikoaren lehen hitzetik Mariano Rajoyren azken hitzera.

Errege-etxe espainola

Goizean goiz jarri zuten hitzordua, kazetariontzat batez ere, egiaztagiriak 8.00-9.00 artean hartu behar baitziren. Dena den, baten bat beranduago heldu arren, ez zuen arazo handirik izan bere txartela eskuratzeko. Hori bai, ongietorria errege-etxe espainoleko segurtasun taldeko kideek egin zieten denei. Museoaren barruan horiek izan ziren jaun eta jabe, eta beraiek agintzen zuten noiz eta non zehar mugi zitezkeen hedabideetako ordezkariak. Artalde tankera hartu zuen kazetari multzoak behin baino gehiagotan. Horrela, adibidez, parte hartzaileek «argazki familia» atera behar zuten bakoitzean, kazetariek prentsa aretoan itxaron behar izan zuten, txintxo-txintxo... halabeharrez. Kanpoan, Ertzaintzaren dozena bat furgonetek jagoten zuten Puppyren gerizpea. Polizia asko ikusten zen -beste asko egongo ziren ikusten ez zirenak-, eta goizeko hamarretatik aurrera, Troikaren kontrako manifestazioak abiatu zirenean, sarrera guztiak itxi zituzten. Helikopteroaren burrunba ere ozen entzuten zen.

Behin barrura sartuta, zaila zen jantzi ilunik ez zeraman inor ikustea. Gizonezkoek, traje ilunak; emakumezkoek, soineko ilunak. Traje gehiago zegoen soinekoak baino, askoz gehiago.

Ignacio Sanchez Galanek apurtzen zuen pixka bat goibeltasun kromatikoa, bere gorbata berde argiarekin. «Iberdrola berdea» deitzen omen zaio kolore horri XXI. mendeko Bilbon. Galan bai, berak etxean jokatzen zuen atzo, ondo-ondoan baitzeukan bere gaztelu erraldoia. Hala ere, haserre itxurak egin zituen, Europan energia ekoizleei ezartzen zaizkien zergak direla-eta. Politika fiskalak, politika sozialak eta ingurumen politikak egin zituen errudun. Ezin esan, argi hitz eginez zuenik. Eta BBVAko presidente Francisco Gonzalez ere, oso garden: «Testuingurua aprobetxatu behar dugu lana errematatzeko». Hori bera salatu zuten kalean bildutako manifestariek, langileria errematatu nahi dutela.

Manifestazioak aipatuta, txantxarako tartea aurkitu zuen moderatzaile lanetan aritu zen kazetari batek, Galan eta Gonzalezen oso laguna omen dena: «Protestarik gabeko foro bat, arbitrorik gabeko futbol partida bat bezalakoa da», esan zuen. Eta barre egin zuten denek. Baina kalean, «Troika go home» trending topic zen dagoeneko. Barre egiten zuten, baina kaiolan zeuden, titaniozko kaiolan.