Jon LEUNDA
Aizkora | Apustua

Olasagastik eta Arria V.ak lana luzatu nahi dute

Bihar eguerdian neurtuko dira Tolosako zezen-plazan, eta bakoitzak hamabi oinbiko moztu beharko ditu. Dirutan, bakoitzak 6.000 euro jartzen ditu.

Arria V.a eta Olasagasti bihar eguerdian, 12.00etan, neurtuko dira Tolosako zezen-plazan. Aizkolari bakoitzak 12 enbor oinbiko ebaki beharko ditu, eta egurrak erdibana eramango dituzte plazara. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Atzo egin zuten aurkezpena Getarian, eta han esandakoaren arabera, bi kirolariek apustua luzatu egin nahi dutela ulertu daiteke, biek aitortu baitzuten eraman behar dituzten enborrak ez direla batere samurrak izango. «Apustua irabazi behar duenak bapo sufritu beharko du», esan zuen Arriak. «Nik egur gogorrak eramango ditut, batzuk bi samurren lana ere izan dezakete», gehitu zuen.

Olasagastik ere enbor eutsiak eramango dituela onartu zuen. «Enbor samur horietakoak ez dira izango. Eutsiak eramango ditut. Berak ere gogorrak eraman behar baditu, apustu gogorra izango da», esan zuen, berriz, Igeldoko aizkolariak.

Prestakuntza aldetik, biak oso gustura agertu ziren. «Oso gustura nago, oso ongi prestatu naiz. Bai Zalduaren aurka orain dela bi hilabete pasa jokatu nuenekoa, bai hau oso ongi prestatu ditut. Bi apustu hauetarako sekula ez bezala prestatu naiz. Horretarako profesional onak izan ditut alboan, eta eskertzekoa da. Fisikoki ere ez dut inongo arazorik izan, ez dut katarro txiki bat ere harrapatu. Ez dut inongo minik, dena primeran doa», esan zuen errezildarrak.

Olasagastik ere gauza bera adierazi zuen. «Oso ongi nago, eta ilusio handiarekin. Hilabete eta erdian bi apustu ditut, eta ongi ikusten naiz. Osasun aldetik ere ez dut inongo arazorik izan, eta horrek asko laguntzen du», onartu zuen.

Jendeak horrelakoetan lanak amaitzeko zenbat denbora beharko luketen jakin nahi izaten du, baina biek garbi utzi zuten hori jakitea zaila dela. «Egia esan nik enbor gogorrak eraman behar ditut, eta bereak ez ditut ezagutzen. Beraz, zaila da asmatzea, baina luzatuko da», esan zuen Arriak. «Hori enborren araberakoa izango da, baina zaila da kalkulatzea. Esan dute, gainera, hego haizea ere egingo duela, eta hori ere arriskutsu samarra izaten da, horrek edozeini egin bailiezaioke kalte», adierazi zuen Olasagastik.

Erabiliko duten taktika, berriz, garbi utzi zuten. «Erritmo bat hartu, eta hura mantendu amaitu arte. Akaso aldaketaren bat egiteko zerbait utzi, baina hasitakoa mantendu», esan zuen Arriak. «Nik betikoa egingo dut. Oso azkar hasiko naiz aurre hartzeko, eta gero saiatuko naiz erritmo aldaketarekin bera erritmotik ateratzen», adierazi zuen Olasagastik. Ikusmina, ikaragarria dago, eta Tolosako zezen-plazak jendetza hartuko du. Dirua, berriz, pare samarrean omen dabil.

Bi aizkolarien gertuenekoak ere ilusioarekin eta itxaropentsu agertzen dira

Arria II.a, Arria V.aren aita, eta Lazaro, azken hiru hamarkadatan txapelketetan eta apustuetan Olasagastik alboan izan duen laguna, oso itxaropentsu eta ilusio handiarekin agertzen dira.

«Etxekoa izanda, beti kezka gehiago izaten da, baina oso gustura nago gauzak nola doazen ikusita. Aurreko apustuan bezalaxe prestatu da; baina oraingoan korrikan egin beharrik ez duenez, aizkoran lan gehiago egin du», esan zuen Arria II.ak.

«Bi gazteren aurka bi apustu ditu Olasagastik hilabete eta erdian, eta horrek sekulako ilusioa eta gogoa piztu dio. Ongi ikusten dut Olasagasti», esan zuen bere aldetik Lazarok. J.L.