Jon LEUNDA
Aizkora | Apustua

Vicente eta Saralegi sasoia eta ofizioa erakutsiz gailendu dira

Garaipena lortu zuen bikotea hasieratik jarri zen aurretik eta lan erdietan ere minututik gorako aldea lortuta, ordubetean amaitu zituen egitekoak. Bukaeran bi minutu eta erdiko abantaila lortu zuten. Oso lan ona egin zuten lau aizkolariek ere.

Daniel Vicentek eta Ruben Saralegik irabazi zuten atzo Donezteben jokatu zen apustua. Amaieran bi minututik gorako aldea atera zieten Felix Etxeberriari eta Oihan Larretxeari. Ikaragarrizko jendetza batu zen Doneztebeko pilotalekuan, erabat gaineztu baitzen. Garbi dago apustuek indar handia dutela, eta oraindik inork zalantzarik baldin badu, azkeneko bi igandeetan jokatu diren apustuek batu duten jende kopuruari begiratu besterik ez dauka.

Txanda librean aritu behar zuten atzo aizkolariek, eta bikote bakoitzak hogei kana-erdiko eta hamar 60 ontzako moztu behar zituzten. Bakoitzak erakusle bana izan zuen, eta Donato Larretxea izan zen Oihan Larretxearen eta Etxeberriaren gidaria, eta Lorentxo Apezetxea, berriz, Vicenterena eta Saralegirena. Enborrak Vicentek eta Saralegik eraman zituzten. Nahiko onak ziren, nahiz eta bakarren bat edo beste zikin samarrak ere atera zitzaizkien.

Irabazleak hasieratik bukaerara izan ziren aurretik. Tamaina ezberdineko enborrak direnean, ez da erraza izaten lan erdietara arte aurretik zein doan jakitea, nahastuta mozten dituztelako, baina lanen erdiak amaitu zituztenean, Daniel Vicente eta Ruben Saralegi aurretik ziren, eta ordurako ia minutu eta erdiko aldea zuten.

Lan bikaina

Lanaren bigarren itzulian ere gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Otsagabiakoak eta Leitzakoak aurretik jarraitu zuten. Hemen ere enborrak nahastuta mozteak nolabaiteko zalantza piztu zezakeen, baina garbi zegoen zeintzuk zihoazen aurretik. Azkenik, 60 minutu eta 59 segundo behar izan zituzten Vicentek eta Saralegik, eta 63 minutu eta 36 segundo Larretxeak eta Etxeberriak. Dena dela, bi bikoteek egin zuten lan ona, baina irabazleak nabarmendu ziren, biek ere sekulako erakustaldia eman baitzuten.

Enborrez enbor, hauek izan ziren Vicenteren eta Saralegiren denborak: 1.33, 3.04, 4.42, 6.15, 7.55, 9.37, 11.19, 13.45, 16.03, 18.18, 20.42, 22.47, 24.56, 26.45, 28.29, 30.22, 32.20, 34.14, 36.09, 38.39, 41.20, 43.44, 46.15, 49.00, 50.57, 53.00, 55.00, 57.01, 59.03 eta 60.59. Etxeberriarenak eta Larretxearenak: 1.44, 3.17, 4.55, 6.34, 7.54, 9.54, 11.34, 13.19, 15.12, 18.18, 20.42, 22.02, 24.33, 26.11, 29.50, 32.01, 33.47, 35.39, 37.29, 39.20, 41.14, 43.25, 45.28, 47.40, 49.42, 52.25, 55.12, 57.38, 60.36 eta 63.36.

Ander Erasunek desafioa bota die atzoko laurei

Apustu batek bestea ekartzen omen du, eta agian egia bihur daiteke; izan ere, atzoko apustua amaitu ostean desafioa bota zuen Ander Erasun gazteak. Aurtizko aizkolariak esan zuenez, prest dago atzo lanean jardun ziren lau aizkolarietako edozeinen aurka aritzeko.

Egin nahiko lukeen lana ere adierazi zuen; hain zuzen, Erasun hogei kana-erdikotara jokatzeko prest dago, eta enborrak erdi bana plazara eramanda, gainera. Berak maiatzaren hasieran jokatu nahiko luke. Atzo aritu ziren lauretako norbaitek erantzun nahi baldin badio, bera datorren larunbatean Etxalarren, Ventas de Etxalar jatetxean, egongo da zain, 19.00etatik aurrera. Gainerako xehetasun guztiak bileran hitz egin eta erabakiko dituztela adierazi zuen.

Garbi dago aizkora apustuek indar handia hartu dutela. Joan den urtean zortzi jokatu ziren, eta denetan jende asko batu zen. Aurten, jadanik bi jokatu dira; atzokoa eta joan den astean Arriak eta Olasagastik jokatu zutena. Bietan ere jendearen erantzuna bikaina izan da, eta garbi dago zaleek apustuak gustuko dituztela. Apirilean ere beste bat jokatuko da; Joxemari Olasagasti eta Jon Irazu lehiatuko dira. Joan den astean Igeldokoak egin zuen lanaren ostean, desafio horrek ere sekulako ikusmina piztu du.

Orain, Erasunek botatako desafiori inork erantzungo balio eta ados jarriko balira, uda hasi aurretik lau jokatuko lirateke, eta ziru horrek ere jendea eramango duela. Hala ere, azken hori egingo den ala ez jakiteko datorren larunbatera arte itxaron beharko da, orduan erabakiko baita guztia. J.L.