Iñaki Petxarroman
BERRIA | Iñaki Petxarroman, 2014/3/19

Hizkuntz irizpideak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek badute eskubiderik administrazioarekin erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan harremana edukitzeko, ahoz nahiz idatziz. Hala dio Euskararen Legeak, baina bestelakoak dira kontuak eguneroko jardunean. Osakidetzarekin edo Ertzaintzarekin harremanetan jartzen den edonork badaki zein diren joko arauak, eta hor legeak ez du askorako balio. Gaztelaniara jo beste erremediorik ez du euskaldunak.

Eta, 32 urteren ondoren, eskertzekoa da eskubide hori praktikara eramateko Gipuzkoako erakundeek egindako ahalegina, kontratazioetan euskararen ezagutza derrigortuz. Derrigortuta baino ez da bermatuko euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatzea.

Eta, hain zuzen, erabakitasun horrek asaldatu du Espainiako Gobernua. Eta horregatik salatu ditu 37 udal. Baina, herritarren hizkuntz eskubideak ez ezik, legea ere bermatzen ari dira Gipuzkoako erakundeak, eta jakin beharko lukete zeregin horretan ez daudela bakarrik. Jaurlaritza bidaide duten edo ez jakitea interesgarria litzateke, adibidez.