Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Helmuga: irudikatzen duzun bizimodua

Aipamen gutxi egiten zaio jende xeheari. Normalean, hemen, hedabideetan, arlo batean edo bestean nabarmendu direnak izaten dira hizpide eta eredu. Nik, gaur, kontrakora joko dut; izan ere, azken finean, barruan benetan eragiten digutenak, adorea eta mirespena bezalako sentimenduak pizten dizkigutenak, ondo-ondokoak izaten baitira, gehiengoarentzako ezezagun horiek, hain zuzen.

Gure Pili ezagutu nuenean, dibortziatzeko ahaleginetan zebilen. Hogei urte gizon berarekin eman ondoren, hamazazpi urteko neskatila zenetik hogeita hamazazpiko emakumea bilakatu zen arte, banandu egin zen; iskanbila eta dramarik gabe. Baina, bat-batean, senarrak ez zion dibortzioa sinatu nahi, eta etsaikeria kutsua dena bustitzen hasi zen. Pilik ez zuen ezer ulertzen, baina, bere burua beste baten joko zikinean nahastu gabe, irmo jarraitu zuen bere helmugarantz: jada zerikusirik ez zuenarekin betiko bukatu eta bere bizitza bere kabuz egitea. Eta lortu zuen, batailak bataila eta epaiketak epaiketa.

Eta Erriberatik Iruñera joandako emakumeak, atzera gorroto eta amorruz begiratu gabe, aurrera egin zuen. Eta, besteak beste, euskaldundu egin zen. Nafarroan euskaraz bizi nahi dutenetakoa da. Eta lagun berriak egin zituen, egun bere adiskide minak direnak; aurrekoak, betikoak, alde batera utzi gabe. Eta bere musika maitearekin gozatzen jarraitu zuen, eskolak ematen, taldearekin jotzen, instrumentu berriak ikasten. Eta horrela, bere buruan irudikatzen zuen bizimodura hurbiltzeko urratsak emanez, poliki eta ziur, ezagutu nueneko irribarre zabal hura are zabalagoa bihurtu da. Ezagutzen ditudan algaren arteko zinezko eta kutsakorrenetakoa dauka Pilik. Eta bizitzaren gozamena dastatzeko gaitasun mugagabea.

Beti pentsatu dut bere bizitzak alderantzizko bidea egin duela. Jendarte honetan bide logikoa denaren kontrako norabidea. Ezagutu zuen amodioa, eta elkarbizitza, eta segurtasuna. Urte luzez bizi izan zen ohiko ereduan. Gera zitekeen horri helduta; bere bizitza bilakatu zenarekiko ezikusiarena egin eta aukera zezakeen ezerosotasun puntu hura bere bihotz hondoan ezkutatzea. Eta haurrak eduki, eta nola edo hala aurrera egin, eta beste edozein bikote bezala izan. Baina zintzoa izateak hori dauka: besteekin zintzoa izateko nork bere buruarekin izan behar duela lehenik eta behin. Eta ausarta izateak ere hori dauka: zirt edo zart egin beharra, erosotasuna eta beldurra pikutara bota eta erabaki egiten dela.

Emakumeok zirt edo zart oso geureak, berezituak, ditugu; jendarte honek ataka horretan jartzen gaitu oso kontu garrantzitsuetan. Segurtasuna saltzen zaigu idealtzat, txiki-txikitatik, ke- mentsua eta burujabea izateak hondamendi pertsonala -bakardadea, frustrazioa, atsekabea- besterik ekarriko ez digulako ideia sorra. Pili bezalako emakumeek, ordea, kontrakoa frogatzen dute: segurtasuna eta zoriona norbere barruko kontuak direla, eta adoreak, beti, leku hobera eramaten gaituela. Hedabideetan agertuko ez diren balentrietan. Kontrakoa askoz gehiago zabaltzen bada ere, ez dezagun ez sinetsi, ez sinetsarazi.