Joseba Barriola «Maixu» eta Joxe Iriarte «Bikila».
Duintasunaren Martxako partaideak
GUTUNAK

M22ari buruz, pare bat hitz

Pozetik etsipenerako sentimendu gazi-geza, hasteko. Izan ere, Duintasunaren Martxan bizi izandakoak (bai ostatua hartzen genuen herrietan bai Madrilen) poztu (eta gogobete) gintuen, lanetik jada erretretan, baina (osasuna lagun) militante aktiboak izaten jarraitzen dugun aldetik.

Egun horietan, egoerarekiko nazka eta haserrea ikusi dugu non-nahi eta bidenabar klase elkartasuna martxariekin (ikurrinak eta guzti) jende xehearen aldetik. Eta batez ere nabarmentzekoa, Martxoaren 22ko antolatzaileek lorturiko arrakasta politiko eta soziala.

Aspaldiko partez (diktatura garaiaz geroztik) lehenengo aldia da Estatu mailako sindikatu eta talde minoritarioek halako ekimena burutzen dutena. Alderdi eta sindikatu nagusien babesik gabe (are kontra izanik) eta komunikabideen boikot edo kaka-nahastearen gainetik (zenbait komunikabidetan nazitzat hartzen gintuzten).

Horrek adierazten du egoeraren irakurketa zuzen bat eginez posible dela, oztopoak oztopo, aurrera egitea. Eta hori guztiz pozgarria da Euskal Herritik begiratuta ere.

Komunikabide nagusien boikota edo joera maltzurra aipatu dugu. Alde horretatik, harritzekorik ez. Ez, ordea, hurbilekoak eta aldekoak ditugun komunikabideen aldetik (GARA eta «Berria», esate baterako) izandako jarrera eskasa. Hortik dator pozaren ondorengo etsipena. Bezperetako aleak eta biharamunekoak irakurrita, izugarrizko dezepzioa hartu dugu!

Mobilizazio horrekiko LABen azken uneko desatxikimenduak, eta mobilizaziotik kanpoan geratzearen nondik norakoak gutun honetan egin ezin dugun irakurketa propioa eskatzen du.