Xabier Letona
argia
HEMEROTEKA

Agur marjinazioari

(...) Lehenbizikoz, 6.000 pertsonatik gorako herri batean alkatetza lortu dute abertzaleek Lapurdin. Ez da txantxetako sinboloa. Eta sinboloa da, abertzaleek erakutsi dutelako haien sustraitzea gero eta sendoagoa dela Ipar Euskal Herri osoan. Uztaritze, Baigorri, Ziburu, Urrugna, Ahetze, Arbona, Hendaia, Baiona eta beste hainbat herritan, emaitza esanguratsuak lortu dituzte eta bigarren itzulian hainbat alkatetza lehiatu dituzte edo giltzarri izan dira hainbat udaletan alkatetza erabakitzeko.

Abertzaletasunaren indar politikoa gutxiengoa da oraindik Ipar Euskal Herrian, eta BAB moduko esparru nagusietan luzerako kontua dirudi gainera, baina jadanik ez da marjinala, azken hamarkadetan izan den gisan. Badirudi esparru politiko esanguratsu moduan finkatu dela eta herritarrak alternatiba balioa ere eman diola hainbat lekutan. Uztaritzeko alkate berri Bruno Carrerek aldeko zein kontrako milaka begi izango ditu bera eta bere lan taldeari begira, eta orain du aukera frogatzeko beste udal gehienak gobernatzen dituzten zentro-eskuineko eta PSko agintariek baino hobeto egin dezakeela, besteak beste bere taldeak ideia desberdinak dituelako eta alderdi dinosauroen zamarik ez duelako. (...)