GARA DONOSTIA

John Anduezak eta Jon Eugik gazteentzako abentura liburu bana eman dute

Elkar argitaletxearen gazte literaturari eskainitako Taupadak bildumak bi ale gehiago ditu bere zerrenda oparoan, «Zortzi ipuin gotiko» eta «San Ferminetan, Lesakan».

Lehenengoa Jon Eugiren proposamena da. «Piraten uhartea» abenturazko nobela eta «Animalikeriak» haurrentzako ipuina argitaratu ostean, gazteei eskainitako beldurrezko kontakizunekin ausartu da, nerabeei bereziki gustatzen zaien estiloarekin, alegia.

Edgar Allan Poe, Robert Louis Stevenson edo Bram Stoker literaturagile handien kontakizun ilunen ildoari jarraituz, izua sortuko duten zortzi ipuin biltzen ditu liburuak. Muinoko etxe beldurgarrira gauean egin beharreko ezusteko bisitaldia, mutiko bihurriek ekidin beharreko arriskuak, Halloween egunean kanposantura doazen gaztetxoak, sorginak eta deabruak dira, besteak beste, istorio zirraragarri horien osagaiak.

Liburuak 11 euro balio ditu paperean eta 7,15 euro liburu elektronikoan irakurtzeko epub formatuan. John Anduezaren «San Ferminetan, Lesakan», berriz, 13,50 euroan dago salgai paperean eta 8,80 euroan epub formatuan.

Ikasbidaia antolatzen

Anduezaren lanak ez dauka zerikusirik Eugik idatzitako liburuarekin. «Larunbatean Bukowskin» eleberri arrakastatsuan bezala, Donostiako Bilintx institutuko ikasleak ditu protagonista. Oraingoan DBH4. mailako geletan jarriko du begia eta zeharo aztoratuta dabilen gazte talde bat aurkituko du.

Gabonak heltzear daude eta oporrak hartu aurretik ikasturte amaierako ikasbidaia antolatu behar dute. Nora joan hautatu behar dute lehenengo, Londres edo Salou, baita nor izango den diruzaina, dirua nola lortuko duten (hip hop kontzertu bat prestatzea bururatuko zaie) eta noiz joango diren ere. Erabakiak ez dira guztien gustukoak, baina denek onartzen dituzte.

Oporretan bakoitza bere familiarekin joango da eta adiskidetasun berriak sortuko dira Donostian gelditzen direnen artean; gaztetxoak hazten ari dira eta maitasuna ate joka hasten zaie. Nora eta nola joango da ikasbidaian «tribu» desberdinetako kideez osatutako kuadrilla hau?

Irakurketa osatzeko bidean, liburuaren amaieran QR kode bat jarri dute. Horri esker www.bukowski-tribua.com webgunera iritsiko dira irakurleak eta bertan pertsonaien inguruko informazioa, lehiaketak eta bideoak aurkituko dituzte.