J.L.
Aizkora

Urrezko lehiaketan aurrera egiteko bi txartel banatuko dira

Urrezko Aizkoran Otsagabian jokatuko da hurrengo kanporaketa, eta zortzi aizkolari lehiatuko dira bihar Orhi pilotalekuan, 19.30ean hasita. Horietatik bik lortuko dute aurrera egiteko txartela.

Arkaitz Jauregi, Jose Angel Zubiaga, Felix Etxeberria, Oihan Larretxea, Mieltxo Mindegia, Ruben Saralegi, Iker Vicente eta Jexuxmari Mujika aizkolariak arituko dira nor baino nor.

Berriro ere lan laburrak eta azkarrak egin beharko dituzte eta elkar kanporatuz joango dira bi geratu arte. Horiek izango dira hurrengo saioan aritzeko txartela lortuko duten aizkolariak.

Izen garrantzitsu asko daude tartean, eta edozeinek lor dezake aurrera joateko txartela. Ruben Saralegi, Oihan Larretxea, Etxeberria eta Mujika dira, askoren ustez, faboritoak, baina besteak ere kontuan hartu beharrekoak dira, eta horien artean, baita Iker Vicente ere. Bera izango da saioko gazteena, baina sasoian dago, eta egurrekin zortea baldin badu, min handia egin lezake, lanak oso laburrak baitira. Mieltxo Mindegiarentzat ere ez da lan txarra, indar handiko aizkolaria baita, eta lana motza izanik, berak ere min handia egin lezake Otsagabiako saioan zehar.