Jon LEUNDA
Aizkora | Apustua

Olasagastik eta Irazuk sasoi betean daudela iragarri dute

Igeldokoa eta Zizurkilgoa bihar eguerdian neurtuko dira Tolosako zezen-plazan. Aizkolari bakoitzak hamabina oinbiko erdibitu beharko ditu, eta alde bakoitzak dirutan, berriz, 6.000 euro jartzen ditu.

Joxemari Olasagasti eta Jon Irazu bihar eguerdian neurtuko dira Tolosako zezen-plazan, 12.00etan. Aizkolari bakoitzak hamabina oinbiko erdibitu beharko ditu, eta enborrak Irazuk plazaratuko ditu. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen ditu dirutan. Enborrak gaur eguerdian jarri beharko dituzte.

Olasagastiren eskarmentua, eta Irazuren freskotasuna aurrez aurre izango dira. Azken honek bere kirol bizitzako bigarren apustua jokatuko du, eta Olasagasti izango da gaur egun lehiatzen jarraitzen dutenen artean apusturik gehien jokatu dituen aizkolaria. Azkenekoa orain dela hilabete eta erdi jokatu zuen, eta orduan mendean hartu zuen Arria V.a.

«Oso gustura nago egin dudan prestakuntzarekin. Arriaren aurka oso ongi joan nintzen, eta oraingorako oraindik eta hobeto ikusten dut neure burua. Apustu haren ostean atsedenerako tartetxo bat hartu nuen, eta gero berriro ekin nion desafio hau prestatzeari, eta nire burua sasoi betean ikusten dut», esan zuen Igeldoko aizkolariak.

«Hasiera gogorra izan zen, baina oso ongi prestatu naiz. Prestakuntza profesionala eraman dut, gauza ezberdinak landuz eta uztartuz, eta egindakoarekin oso gustura geratu naiz», aitortu zuen, berriz, Jon Irazu zizurkildarrak.

Olasagastik bere buruarengan sekulako konfiantza dauka, eta irabazteko itxaropen osoarekin joango da plazara. «Aurrez esan bezala nire burua oso ongi ikusten dut, eta badakit apustua ez dela erraza izango, baina nik irabazi egingo dudala uste dut», esan zuen.

Irazuk ere garbi dauka lan ona egingo duela. «Ni ere oso ongi nago, eta badakit lan ona egingo dudala. Berak irabazi behar baldin badit, ikaragarri egin beharko du aizkoran. Lan on bat egin, eta berak irabazten badit, ez dago esateko ezer», esan zuen, zizurkildarrak.

Olasagastiren aurka jokatze horrek sekulako ilusioa egiten diola dio Irazuk. «Mutikoa nintzenetik ikusi dut Olasagasti mailarik gorenean, eta orain bere aurka jokatzeak sekulako ilusioa egiten dit. Orain ere Olasagasti aizkolari handi bat da, eta ikusi besterik ez dago Arriaren aurka nolako lana egin zuen», dio zizurkildarrak.

Olasagastik eta Arriak jokatu zuten apustu hartan, Arriak eskuak erabat txikituta amaitu zuen, baina badirudi oraingoan ez dela horrelakorik izango. «Eskuen aldetik ez dut uste arazorik izango dudanik. Ongi ditut, eta prestakuntza osoan ez didate inongo arazorik eman», dio Jon Irazuk.

Eman beharrekoak

Jon Irazuk eraman beharko ditu enborrak, eta garbi utzi du eman beharrekoak eramango dituela. «Eman beharreko enborrak eramango ditut. Biok gaude ongi, eta probatzeko enbor horiek eramatea erabaki da. Ez dira markak egiteko enborrak izango», esan zuen zizurkildarrak.

Olasagastik, aldiz, nolako enborrak eramaten dituen ez diola garrantzirik ematen esan zuen. «Egia esan klase guztietako enborrekin aritu naiz entrenatzen, eta aurrez esan bezala sasoi betean nago. Beraz, nolako enborrak eramaten dituen ez dit axola handirik. Ni ongi nago, eta bat ongi dagoenean ez du ezerk beldurrik ematen», dio.

Ikusmina handia da, eta Tolosako zezen-plazak sarrera bikaina izango du. Orain dela hilabete eta erdi Olasagastik eman zuen itxura ere bikaina izan zen, eta Irazurengan ere itxaropen handiak daudenez, aizkora zaleek erantzungo dute, eta harmailetan ez da ikusle eta animaziorik faltako.