Jon LEUNDA
sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Lehen jardunaldikoa kasualitatea ez zela izan erakutsi nahi du Gaztedik

Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako bigarren jardunaldia izango da bihar Berriatuan 11.30ean, eta oraingoan ere 680koan arituko dira. Aurreneko jardunaldian Gaztedi A izan zen nagusi, eta ordukoa kasualitatea ez zela izan erakusten saiatuko da.

Gaztedi hiru talderekin ari da lehiatzen, eta bihar ere horrelaxe izango dira. Goiherri ere bi talderekin plazaratuko da, eta hauez gain, Mutriku eta Ibarra ere lehiatuko dira. Bihar Gaztedik berriro ere garaipena erdietsiko balu, txapela lortzetik gertu geratuko litzateke, maila honetan beste jardunaldi bat bakarrik geratuko baita.

Nafarroakoa

Nafarroako Goma gaineko Lauko Txapelketan, berriz, gaur jokatuko da bigarren saioa Etxarri Aranatzen, 18.00etan. Bertan, mutiletan, 320 kilokoan lehiatuko dira, eta lehen jardunaldian Beti Gazte B izan zen onena. Atzetik Amaiur A, Amaiur B, Basaburua-Imotz, Berriozar, Txantrea eta Beti Gazte A taldeak sailkatu ziren.

Nesketan, 265 kilokoak arituko dira lanean. Lehen jardunaldian, Basaburua-Imotz gailendu zen, eta atzetik sailkatu ziren Berriozar, Txantrea eta Amaiur. Azkenik, kadeteak ere arituko dira jo eta su, 285eko mailan, eta Ultzama izan zen aurreneko jardunaldiko onena. Pisu hauetako azkeneko jardunaldia izango da, eta honen ostean jakingo da pisu bakoitzeko txapeldunak zeintzuk diren.