Mikel Mundiñano Larraza
A-13 ekimenaren izenean
KOLABORAZIOAK

Etxarri Aranatzetik Gure Esku Dago-ra!

Ez badigute ahotsa ematen, guk geuk har dezakegula erakutsi dugu, eta alderdiek ikusi dute ez dagoela herritarra geldiaraz lezakeen lege, konstituzio edo «amejoramendurik»

Apirilaren 13tik hilabete pasa denean, beharrezkotzat dugu haren balorazioa publiko egin eta herritarrekin konpartitu ahal izatea. Lehen-lehenik herritar denak eskertu eta zoriondu nahi ditugu prozesu osoan jasotako laguntza eta babesagatik. Hasieratik genioen herria bera aterako zela garaile, eta hala izan dela uste dugu. Beraz, ezer baino lehen, benetan zorionak Etxarri!

Balorazio zehatzago batean sartuz, bost ataletan banatu ditugu gure ondorioak.

Lehenik %42,76ko parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Horretarako, galdeketako emaitzak beste datu eta adibide batzuekin konparatu besterik ez dago bere garrantziaz ohartzeko. Adibidez, 2005eko Europako Konstituzioaren inguruko erreferendumean parte hartze txikiagoa izan zen, 808 herritarrek parte hartu baitzuten orduan; UPNk zentsuaren %24rekin agintzen du Nafarroan; PSNk zentsoaren %11ren babesa du Nafarroan; PPk Etxarrin %8,65eko babesa du... Horiek guztiak errespetagarri eta kontuan hartzekoak badira, zergatik ez zentsuaren %42,76a lortu duen kontsulta?

Gainera, %42,76a lortu da Nafarroako Fiskaltzak mamuak eta presioak hedatu dituen arren (CANeko ustelkeriaren aurrean itsu dagoen bera). Eta ez ahaztu Guardia Zibilak ikerketa martxan izan zuela momentu oro. Are gehiago, %42,76a lortu da galdeketa baino egun batzuk lehenago Nafar Gobernuak kontsulta ilegala zela zabaldu ondoren.

Bigarrenik, berme guztiekin eman den bozketa/galdeketa/ erreferenduma izan dela nabarmendu nahi dugu, sistema informatiko bat asmatuz zentsua ezin zelako erabili, aurretiko bozka berme guztiekin eginez, kontaketan eta egun osoan zehar herriko, Euskal Herriko eta Nazioarteko ikuskarien lana ziurtatuz.

Hirugarrenik, nabarmendu nahi dugu zalantzarik gabe oztopoz beteriko ibilbidea izan dela: ezin genuen eraikin publikorik erabili, ezin genuen zentsua erabili, dirua lortu behar izan dugu gastuei aurre egiteko (komunikazio euskarriak, abestiaren grabazioa, botopaper, gutunazal eta diptikoak, egitarauaren gastu handia), presio mediatikoa («Confidencial», «Diario de Navarra», COPE...) zein bestelakoa (Nafarroako Fiskaltza, Gobernua, Guardia Zibila)... eta azkenik txaloak ondoren etorri diren arren herritarrok erabaki genuen herri galdeketa egitea inongo alderdi politiko zein eragileren babesik gabe.

Baina lorpenek oso zapore ona utzi dute herrian. Horretan ez dugu zalantzarik: Euskal Herrian independentziaren inguruan egin den lehen galdeketa gauzatzea lortu dugu, erabakitzeko eskubidearen gizarteratzea, herri galdeketa ariketa demokratiko gisa demokraziaren festa bihurtzea, 851 pertsonak bozkatzea, apirilaren 13an 200 boluntario baino gehiagok txanda eta hainbat arduratan lan egitea, osotara 32 hedabide eta 54 kazetari akreditatu izana galdeketaren jarraipena egiteko, besteak beste informazio agentzia alemaniarra, flandiarrak, katalanak zein Estatu mailako telebista kate gehienak, Etxarriko galdeketak mundu zabalean ere oihartzuna izatea (Errusian, Indonesian, euskal diasporan...), Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiek euren iritzia ematea Etxarriko herri galdeketaren inguruan, 50 herritar herri batzarretan agertzea, hitzaldi-eztabaidetan 70 lagun biltzea, bu- zoneoetan milaka paper banatzea 1.000 etxebizitzatan. Zientoka kartel, whatsapp, mezu elektroniko... sarean zabaltzea, 5 elkartetako juntekin bilerak egitea eta modu batez edo bestez 200 bazkideri ekimenaren berri ematea, Gazte Asanbladan aurkezpena (30 gazte) eta Lizerrengon bi batzar informatibo egitea (20 herritar), egitarauaren aurkezpenean herriko plazan 100tik gora herritar biltzea, Kataluniako herri bazkaria egitea (45 pertsona) eta Arenys de Munt herriarekin nolabaiteko senidetzea bultzatzea, izen handiko Euskal Herriko, Kataluniako eta Letoniako begiraleak gurean izatea, alderdi politiko desberdinetako jendea elkarrekin lanean aritzea...

Pauso garrantzitsu bat eman dugu bai. Sinbolikoki aurrera eramandako ariketa demokratikoak badu bere garrantzia. Denok atera dugu ikasgaia prozesu honetatik. Herritarrok badakigu ez dugula zertan egon instituzio zein alderdien zain gure iritzia adierazteko. Ez badigute ahotsa ematen, guk geuk har dezakegula erakutsi dugu eta gainera alderdiek (kontsultaren alde edo kontra egon) ikusi dute ez dagoela herritarra geldiaraz lezakeen lege, konstituzio edo «amejoramendurik». Gizartearen garaia da, herritarron garaia, erabakitzeko eskubidea lau haizetara zabaltzeko garaia.

Gure eskuak lotuko ditugu ekainaren 8an, Durango-Iruñea giza katean. Herri hau osatzen dugun gizon emakumeok beste zita garrantzitsu bat dugu herri honen etorkizunarekin.

Etxarriarrak ere hor izanen gara! Gure esku dago!