Jon LEUNDA
Sega | Gipuzkoako Txapelketa

Esnaolak eta Lizasok hasieratik erakutsi dute aginte makila

Merkaderrek eta Kanflankak ere lortu zuten uztailaren 13an jokatuko den finalerako txartela.

Esnaolak, Kanflankak, Lizasok eta Merkaderrek lortu zuten uztailaren 13an Aian jokatuko den Gipuzkoako finala jokatzeko txartela. Giro apartarekin, berotxo agian, eta 500 ikusle inguren aurrean jokatu zuten atzo kanporaketa Aiakon Andatzan.

Zortzi segalari aritu ziren lanean, eta bi multzotan banatuta aritu ziren. Bakoitzeko bi onenek lortu zuten final handirako txartela. Lanerako, belarra oso ona izan zuten, eta bakoitzak sei sail zituen, guztira 972 metro, orduerdian mozteko

Aurreneko multzoan, Esnaola, Kanflanka, Pardo eta Irazustabarrena aritu ziren. Kanflanka leitzarra da, baina Nafarroan bera bakarrik dagoenez segan aritzen dena, Gipuzkoako Federazioan atera du lizentzia, eta beraz bertako txapelketa jokatu ahal izango du.

Esnaola da egungo txapelduna, eta atzo argi eta garbi utzi zuen Legorretakoak, zaila izango dela aurten ere bera menderatzea. Hasieratik bukaerara nagusitu zen sailetan.

Bere atzetik Kanflankak hartu zuen lekua, eta nafarrak horri eutsi egin zion. Atzekoei tartetxo bat atera zien, eta horrek lagudu zion amaieran multzoko bigarren postua eskuratu eta finalerako txartela lortzeko.

Hirugarren aritu zen hasieratik amaitu arte Pardo zestoarra. Manuel Erasun gidari zuela ez zuen lan txarra egin, baina finala jokatzeko helburua ezin izan zuen bete. Azkena, berriz, Irazustabarrena gaztea geratu zen. Hasieratik geratu zen azkena sailetan, eta horelaxe amaitu zuen saioa.

Bigarren txandan Lizaso, Merkader, Garaialde eta Gabirondo aritu ziren. Lizasok hasieratik hartu zuen aurre, eta sailetan azkar egin zuen ihes. Beste hiruen artean oso alde txikiak egon ziren. Sailetan ia beti batera aritu ziren, eta amaieran ere ia ez zen alderik egon. Merkaderrek lortu zuen finalera sailkatzea, baina kilo bat besterik ez zion kendu Garaialderi, eta 37 kilo, berriz, Gabirondori, beraien artean dauden aldeak oso txikiak direla argi geratuz.