Aiert GOENAGA
Mundial de Brasil 2014

Espainiak irabazten badu 2.160.000 euro utziko ditu Euskal Herrian

Momentu aproposa, beraz (auskalo zenbatgarren momentu aproposa), Euskal Herriko futbol federazio etiko eta solidario bat sortzearen aldeko aldarria egiteko.

Bai irakurleok, halaxe da; Del Bosquek gidatutako taldeak bere bigarren mundiala eskuratzen badu, goiburu honetan aipaturiko diru kopurua etorriko da Euskal Herrira. Bada bigarren irakurketa bat ere; Frantziak irabazten badu, 660.000 euro etorriko dira Euskal Herrira. Baina aurreko baieztapenen alde ez «moloia», bi selekzio nazkanteenetako baten garaipenaz gain, hauxe da: Espainiak irabaziz gero, diru hori Xabi Alonso, Javi Martinez eta Cesar Azpilikuetaren kontu korronteetara joango dela; eta Frantziak egiten badu, Stephane Ruffier eta Didier Deschamps-en kontuetara. Zer uste zenuten ba, Eskola Kirola bultzatzeko edo premia sozialei aurre egiteko izango zen diru partida berri batez ari nintzela? Dakidanez ez da ministrorik murrizketa politikak ahaztu eta Ana Botellaren ingeles penagarria imitatuz «the house from the window» botatzea erabaki duenik. Espainiako eta Frantziako futbol federazioko kideek ere ez dute horrelako detailerik izan, eta aipaturiko bost euskal mundialisten altruismoaz ez dut sekula aipu berezirik entzun edo irakurri. Momentu aproposa, beraz (auskalo zenbatgarren momentu aproposa), Euskal Herriko futbol federazio etiko eta solidario bat sortzearen aldeko aldarria egiteko. Gure herria mundu mailan ordezkatuko duen taldea izatea ahalbidetzeaz gain, dirua belarrietatik erortzen zaien jokalariok selekzio horren parte izate hutsa nahikoa sari dutela ebatziko duen federazioa esaterako. Ez al da ba munduko kopan parte hartu, onenen kontra jokatu eta berau irabaztea jokalari ororen ametsa? Eta bizi osoko ametsa betetzeko pizgarri ekonomikoak behar dira? Ez guretzat, izaki arruntontzat; bai antza beraien burbuilatxoan bizi diren futbol munduko kideentzat, eta noski, hau guztia posible egiten duten politikarientzat. Baina hau ez da kirol politiko-ekonomiko globalak munduko errealitate sozialaz duen haustura totalaren argazkiaren zatitxo bat besterik.

Brasilen gaur hasiko den munduko kopa dugu haustura honen ikur berria. 200 milioiko biztanleria du Brasilek eta beronen %30 pobrezia eta gizarte bazterketa egoeran bizi den artean, gobernuak 14.000 milioi dolar inbertitu ditu estatuko azpiegitura desberdinetan eta 3.500 milioi dolar futbol zelaien berrikuntzan, luzez, historia osoko munduko kopa garestiena izango den honetan. Izan ere, eta adi datuari, Brasilgo mundiala Korea eta Japonia (2002), Alemania (2006) eta Hegoafrika (2010) batuta baino garestiago aterako da. Datuak eskuan, egindako inbertsioek emango dituzten fruituen inguruko diskurtso ofizial gezurtiak inoiz baino antzuago dira brasildarren belarrietan. 17.500 milioi horien zati nagusia eraikuntza enpresek eraman dute eta adar jotzea borobiltzeko FIFAk Brasilen irabaztea aurreikusten dituen 1.800 - 2.000 milioi dolarrengatik ez du zergarik ordaindu beharko eta honek 450-500 milioi dolar aurreztea suposatuko dio. Baina zifra nardagarri hauek Brasildik datozkigun kronika beltzen atal bat baino ez dira. Komunikabideetan azaltzen diren protestak ez dira lapurreta handi honen kontrakoak bakarrik. Futbol zelai eta azpiegitura berriak eraikitzerako orduan, milaka familia atera dituzte beraien etxe eta negozioetatik. «Zorionekoek» ezertarako balio ez dien lau sos kobratu dute eta gainerakoek ezer ez. Hau guztia gutxi ez-eta, berez prostituzio ilegalarekin eta emakumeen aurkako sexu erasoekin sekulako arazoak dituen herrialde honek hurrengo hilabeterako dituen aurreikuspenak oso beltzak dira; eta manifestarien arabera, gobernuak ez du plan berezirik martxan jarri arazoa ekiditeko. Eta gezurra badirudi ere, bada oraindik atal ilunagorik. Mikkel Jensen kazetari danimarkarrak, «The price of the World Cup» dokumentalean, arestian aipatutako desjabetzeez gain, munduko koparako Brasilgo polizia fabeletan haurrak akabatuz egiten ari den «garbiketa» salatu du (arrazoi hau tarteko txapelketaren jarraipena egiteari uko egin dio). Zifra ofizialik ez egon arren, gobernuz kanpoko erakundeek 121 haurren hilketa «Heriotzaren eskuadroien» lana izan dela ziurtatzen dute, eta diotenez, testigu faltagatik leporatu ezin zaizkien askoz kasu gehiago daude. Guzti hau noski, bertaratuko diren turistei eta telebistaz so egongo den ikusle orori Brasil «txukun» bat erakusteko.

Kapitalismo basatiaren azken pasartea, Fair Play-a lelotzat hartuta. Eskuak urratu arte txalotuko luke datorren larunbatean hilik 487 urte beteko dituen eta 14 urte lehenago (1513an), «Printzea» izeneko dotrina politikoaren tratatua idatzi zuen Niccolo di Bernardo dei Machiavellik. Hau bai dela helburuak bitarteko guztiak justifikatzea; gainerako guztia txatxukeria hutsa. Eta gu, txatxuak bezala, hor joango gara korrika GolTV dagoen tabernara 22.00etan Brasil eta Kroaziaren arteko partidua ikustera. Neymarren bizikletak txalotzen ditugun artean hainbeste gustuko dugun kirol honen atzean dagoen guztiari ez ikusiarena egingo diogu, zenbaitzuen kasuan ahaztu ere; eta joko zikin honen hain parte garrantzitsu diren telebistei hain premiazko duten audientzia ziurtatuko diegu (gogoratu irakurle, Interneten badirela doako txukunak negozio hori ez elikatzeko baliagarriak). Espero dut behintzat, odolez zikindutako 2.160.000 eurotik bakar bat ere ez iristea Euskal Herrira. Denontzat mesede.