I.E. BAIONA

La Poste-k langileekin duen jarreraz arduratzeko eskatu diete hautetsiei

Joan den asteazkenetik LABek kanpamendu bat kokatu du Baionako La Poste posta zerbitzuaren egoitza nagusiaren aitzinean. Nicolas Borrega Donapaleuko postariaren kaleratzeari buruzko salaketa egiteaz gain, jendea informatzeko baliatzen ari dira ekimena. «Elkartasun handia jasotzen ari gara, bai herritarren aldetik, bai langileen aldetik», adierazi zuen atzo Eñaut Aramendi sindikatuko ordezkariak.

Kaleratutako postaria bere lanpostuan -eta kontratu iraunkorrarekin- berriro hartua izan dadila exijitzearekin batera, interpelazio zuzena egiten diete hautetsiei. «La Posteren akziodun nagusia estatua da eta onartezina deritzogu diru publikoa langileak kaleratzeko erabiltzeari. Hortaz, dei berezia egiten diegu hautetsiei afera honetan esku har dezaten», gaineratu zuen Aramendik.

Borregaren afera astelehenean aztertuko dute Prud'Hommes lan auzitegian.