Zuberoako historiara eta kantutegira bisita
Edonon topa daitezke bisitatzeko moduko tokiak, baina bertan bizi denak adina inork ez ditu ezagutzen paraje batzuetako sekretuak. Maider Bedaxagar abeslari zuberotarrak Barkoxe eta inguruetara eraman gaitu, eta derrigorrez bisitatu behar diren leku eta jarduerak aurkeztu eta jan eta edanerako lekurik aproposenak erakutsi dizkigu. Zuberoako historiara eta kantutegian gordetako txokoetara iristeko txangoa proposatu du.

Zuberoako bihotzeko erroetarainoko eta kantuetarainoko bidaia proposatu du Maider Bedaxagar, Amaren Alabak taldeko abeslariak. Oloroen jaioa, Baionan igarotzen du astea, baina tartea duen bezain laster bertaratzen da hazten ikusi zuten kale eta inguruetara, eta txoko kuttunetara bisitan eraman gaitu.
Zalantza askorik egin gabe erabaki ditu inor bisitan etorriko balitzaio erakutsiko lizkiokeen lekuak; kantuetan batutako historiara bisita egitea erabaki du.
Etxaun Barkoxe handia
Oinarri-oinarrizkoa iruditzen zaio horregatik Pierre Topet, Etxaun Barkoxe izenez ezagunagoa den koplaria, ezagutaraztea Zuberoako paraje hauetara lehendabizikoz iristen den pertsonari. Haren sortetxera eramango lituzke bisitariak, «baina tamalez bertan lau harri baino ez dira geratzen». «Bigarren lekukotasuna eta azkena Barkoxeko hilerrian da, bertan ehortzi zuten eta». Hala, Barkoxeko hilerria derrigor bisitatu behar den tokietako bat da, Bedaxagarren iritziz. «Xiberoako pertsonaia handietakoa da, niretzat koplari handienetakoa; ezagutu beharrekoa, beraz».
Hilerri batetik, ezagutu beharreko beste batera, Etxebarre herrikora. «Haltzak ez dü bihotzik» kantu ezagun eta tradiziozkoak eman du ezagutzera Berterretxeren tragedia. Etxebarre herrian dago Berterretxen heriotzaren ondotik haren omenez jarritako hilarria.
Hilerriak bisitatzeko kezkarik batere ez du Bedaxagarrek: «Ipar Euskal Herrian hilerriak plazetan dira, elizen eta pilotalekuen ondoan. Herrietako bihotz dira, bortxaz». Herriaren historiaz eta tradizioaz asko irakats dezaketen lekuak dira, bere esanetan, hilerriak; horregatik parajeak ezagutzeko inori proposatu beharreko ibilaldian zalantzarik gabe sartuko lituzke.
Herriko plaza eta ageriko tokietatik, lurpean ezkutatzen diren altxorretara garamatza: «Harpidea edo La Verna Santagraziko harpeetako ibilaldi paregabera». Oraindik ere bisitatu ez duen tokia, «Xiberoaren bisitatzeko beste unibertsoa» dela aipatzen du, «lurpeko bitxia»: «Ez dakit zenbat urte gibel joatea eta epe horietan gertatzen ziren gauzak ezagutzea», benetan kitzikagarria iruditzen zaio.
Herrietako pilota partidak
Ilunabarraren bueltan herrietako pilotalekuetan elkartzen dira herrietako jaietako batzordeko kideen artean egiten diren txapelketak. Herri guztietan badira halakoak eta jaiak antolatzeaz gainera, pilotaren bueltan lehiaketak antolatzen dituzte uda partean. Arratseko seiak aldean abiatzen dira partidak eta txapelketa herritarrak izaki, herritar anitz elkartzen dira pilotaren bueltan haiek ikustera.
Jan eta edateko tokien artean aukera egiterakoan izan du Bedaxagarrek zalantza gutxien, batez ere, bazkaritarako tokia aukeratzerakoan: Ahüzkiko ostatua. «Biziki ederra da eta egiazki Xiberoako leku tipikoa; inguru paregabeak ditu eta ostatuko barnealdea ere aski tipikoa da, zurezko mahaiekin eta euskaraz mintzatzen den zerbitzariarekin». Barrez onartzen du beretzat «kasik sekretu bat» dela tokia, «etxean bezala sentiarazten duen txokoa.
Txokolate beroa hartzera
Arratsean, indarberritzeko txokolate beroa hartzea otu zaio: «Biziki ohitura frantsesa da hori, baina Baionan baino gehiago inguru hauetan bada kultura hori, bereziki neguan, txokolate bero bat hartzea, egiazko txokolatearekin egina». Neguan tradizio, baina abeslariak uda partean ere ez dio muzin egiten ohitura honi: «enetako berdin-berdin da beroa».
Afaria hartzeko Altzürüküko Epherre ostatura eramango lituzke gonbidatuak, «toki berezia hura ere».
Egun-pasa ederra eginda, lotarako Urdinarben dagoen Ferme Landra edota Gotaineko Uhaitza kanpinak hautatu ditu. «Xiberoa nola mendi eskualdea den, gustatzen zait belarrean lo egitea eta, gainera, biziki toki ederrak dira, biak ur bazterretan dira eta; jabeek gainera beren lana maite dute». Biziki turistikoa izanik ere, Bedaxagarren hitzetan, bisitariak badu inguruan herritarren bizimodua ezagutzeko parada, parajea aski herrikoia delako eta laborarien etxeez inguratua dagoelako.
Fitxa
Jan eta edateko
Ahüzkiko ostatuan egingo luke bazkaria. Ahüzkiko iturri ezagunaren alboan kokatua eta paraje ederrez inguratua.
Bisitan
Harpidea edo La Verna Santagraziko harpeetako ibilaldi paregabera
Lotarako
Urdinarben dagoen Ferme Landra edota Gotaineko Uhaitza Kanpinak.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
