Emakumezkoen podiuma euskal lasterkariek osatua Espainiako Kopan
Fedme-ren erregulartasunaren zirkuituaren hirugarren proba Maite Maiorak irabazi zuen, Ane Conde bigarrena izan zen eta Uxue Irigoien hirugarrena. Mutiletan, Hassan Ait-Chaou laugarren sailkatu zen.
Ekainaren 15ean, mendi lasterketen Espainiako Kopak hirugarren hitzordua izan zuen: Lleidan jokatutako Vallibierna Skyrace. Eta zalantzarik gabe, nesken mailan bederen, euskal ordezkariak benetako protagonistak izan ziren. Podiumak euskal kutsua izan zuen; izan ere, lehen hiru sailkatuak Euskal Herrikoak dira. Irabazlea La Sportiva taldeko Maite Maiora izan zen, eta haren atzetik euskal selekzioko kide Ana Conde eta Uxue Irigoien sailkatu ziren.
Lasterkariok, lehiakide guztiek bezala, aurretik ibilbide oso ederra eta gogorra zuten. 34 kilometro eta 2.700 metroko goranzko desnibel metatuari egin behar izan zioten aurre. Gogorra hasiera-hasieratik. Adibide adierazgarri bat: bigarren kilometrotik zortzigarrenera 1.250 metroko desnibela gainditu behar izan zuten. Uneoro, gainera, ibilbidea Lleidako Pirinioetako paisaia ederretatik igaro zen. Zortzigarren kilometrotik hogeita seira 2.000 metroko kotatik jaitsi gabe egin zuten lasterka; 2.600 metrora iritsi ziren.
Hitz batean esanda, goi mendiko ibilbide gogorra, teknikoa eta batez ere ikusgarria. Jaitsiera, berriz, hasierako gogortasunak asko baldintza zezakeen, eta lasterkariek minutu asko irabazi edo galtzeko arriskua zuten.
Maiora, azkarrena
Aurreratu dugun bezala, nesken mailan, euskal lasterkariek erabateko protagonismoa izan zuten. Maila horretan, guztira 24 korrikalarik hartu zuten parte. Gutxi dira, eta batzuek erakutsitako maila oso apala izan zen. Hala ere, lehiakideen artean norgehiagoka estu bat iragarri zen: Maiora eta Conderen artekoa.
Eta hala izan zen. Biak ala biak hamabigarren kilometrora arte elkarrekin joan ziren. Ondoren, jaitsiera gogor bati egin zioten aurre, eta mendaroarrak segundo batzuetako aldea atera zuen hor. Salinaseko lepoan, adibidez, bi lasterkarien arteko aldea zortzi minutukoa izan zen, eta helmugan, azkenik, 12koa. Maiorak 4 orduko denbora egin zuen, Condek 4:12koa eta hirugarrenak, Irigoienek, 4:15ekoa. Bosgarren sailkatua ere euskal ordezkari bat izan zen: Adi-Ike taldeko Laura Sola, 4 ordu eta 19 minutuko denborarekin. Beraz, lehen bost sailkatuen artean lau euskal korrikalari.
Mutilen mailan, bestalde, Jessed Hernandezek Vallibiernako hitzordua irabazi zuen, 3 ordu eta 28 minutuko denborarekin. Nahiz eta azken bi urteotan garaipen handirik ez lortu eta lasterketan hiru minutuko zigorra jaso zuen, korrikalari katalana aise gailendu zen.
Laugarren postuan, berriz, euskal selekzioaren ordezkari Hassan Ait-Chaou sailkatu zen, 3 ordu eta 34 minutuko denborarekin.
Espainiako Kopak dagoeneko bost probetatik hiru jokatu ditu. Behin-behineko sailkapenean, nesketan, Maiora da lehena, Conde hirugarrena eta Irigoien bederatzigarrena. Mutiletan, Iban Letamendi (Lleidakoan ez zuen parte hartu) bosgarrena da eta Ait-Chaou hamargarrena.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
