Mailarik gorenera iristeko, Zumarragan ezin da hutsik egin
Hamabi aizkolari arituko dira bihar eguerdian, 12.30ean, Euskadi plazan, eta aurreneko sei aizkolariek lortuko dute final nagusian aritzeko txartela.

Datorren urtean Euskal Herriko Lehen Mailan aritu nahi dutenek, bihar Zumarragan jokatuko den Bigarren Mailako kanporaketan finalerako txartela lortu beharko dute, nahiz eta horrek ez dien segurtatuko mailaz igotzea; izan ere, finala jokatzen dutenean, aurreneko biek lortuko dute igotzea.
Aurreneko helburua, ordea, bihar 12.30ean Euskadi plazan jokatuko den kanporaketan finalean sartzea izan behar du, eta horretarako hamabi aizkolari neurtuko dira. Berez, azkeneko biek maila galdu beharko lukete, baina Senosiain I.ak eta Kañamares II.ak parte hartzeari uko egin diote, eta beraz, biek galduko dute maila. Horrek, arituko diren gainerakoei lasaitasuna eman behar die, jaisteko beldurrik gabe jardungo baitira.
Arkaitz Jauregi, Luix Txapartegi, Jexuxmari Lasa, Aratz Mugertza, Ugaitz Mugertza, Xabier Zaldua, Mikel Larrañaga, Joxemari Telletxea, Eneko Otaño, Aitor Senosiain, Oihan Larretxea eta Julen Kañamares lehiatuko dira, finalean sartzeko txartela lortzeko asmoarekin.
Lan erdiak
Kanporaketa honetan, aizkolari bakoitzak finalean egin behar duenaren erdia egin behar du. Bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu behar izango ditu.
Faboritoak aipatzerakoan, asko agertzen dira, asko baitira maila nagusian ibilitakoak ere, eta honelakoetan eskarmentua garrantzitsua izaten da. Lehen Mailan urterik gehien emandako aizkolaria Txapartegi da. Aizarnakoak urte asko eman ditu onenen artean, eta finalak ere ugari jokatutako aizkolaria da. Finalean sartzeko faboritoetako bat izango da. Beste faboritoetako bat Mikel Larrañaga izango da. Azken urte hauetan finaletan dabil, eta igotzetik gertu ere bai. Aurtengoan ez du hutsik egin nahi azpeitiarrak. Finaletan ohikoa dena, eta aurtengoan ere hor sartu beharko lukeena, Ugaitz Mugertza da. Mutrikuarrak ere azken finaletan ez du hutsik egiten, eta maila nagusira igo nahi du.
Oihan Larretxeak ere badaki maila nagusian egotea zer den, eta bera ongi baldin badago, hor egon beharko luke. Horiek dira, adituen ustez, finalean egon beharko luketenak, baina horrek ez du esan nahi horrela izan behar duenik, eta sartu ere edozein egin daiteke. Izan ere, Lasak ere badaki maila nagusian egotea zer den, baita Senosiain II.ak ere. Kañamares III.a ere, faboritoen zerrendan agertzen da.
Baina besteak ere oso kontuan hartu behar dira. Guztietan gazteena Eneko Otaño izango da. Beizamakoarentzat lehen parte-hartzea izango da maila honetan, eta berea egiten badu, ezusteren bat eman lezake. Kanporaketa estua izango da.
Ander Erasunek irabaziz ekin dio Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligari
Ander Erasunek irabaziz ekin dio Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligari, atzo mendean hartu baitzuen Joxemari Olasagasti, Hernanin jokatu zen lehen jardunaldian.
Aurtizko gazteak proba guztiak irabazi egin zituen, eta amaieran, 22 minutu eta 30 segundo behar izan zituen lan guztiak amaitzeko. Olasagastik, berriz, 24 minutu eta 34 segundoan amaitu zituen bereak.
Bigarren jardunaldia bihar bertan jokatuko da, Ondategiko plazan izango baita saioa. Juanjo Lopez eta Felix Etxeberria izango dira aurrez aurre. Behin baino gehiagotan neurtu dira lehen ere, eta beti neurketa estuak izan dira.
J.L.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
