J.L.
sokatira

Goiherrik eta Gaztedik berdinduta amaitu dute lehen saioa


Goiherri A eta Gaztedi A berdinduta geratu ziren 600 kiloko lehen jardunaldian. Gaztedik aurten jadanik bi txapel lortu ditu, eta hirugarrenaren bila abiatua da, baina Goiherri iaz nagusi izan zen, eta aurten ere ez du txapelik gabe amaitzeko inongo asmorik.

Lehen jardunaldi horretan, Gaztedi eta Goiherri gainerakoei gailendu zitzaizkien. Euren arteko dema horretan, berriz, berdindu egin zuten, eta sailkapenean ere horrelaxe amaitu zuten.

Hirugarren posturako ere lehia estua aurreikusten zen Gaztedi B eta Mutrikuren artean, eta azkenean Gaztediren bigarren taldeak lortu zuen hirugarren postu hori, eta podiumean sartzeko lehen pausoa eman zuen. Mutrikuk, aldiz, lanean jarraitu beharko du aurreneko hiru postuetan amaitu nahi baldin badu.

Bosgarren geratu zen Gaztediren hirugarren taldea. Gaztedikoek oso lan ona egin zuten, eta maila handiko tiralariak dituztela argi eta garbi utzi zuten. Seigarren amaitu zuen Goiherriren bigarren taldeak, eta azkena, berriz, Getxok. Azken hauek tiraldirik irabazi ezinik jarraitzen dute. Denboraldia amaitzeko bakarren batzuk irabaztea izango dute helburua.