Ugaitz Mugertzak ez dio beste inori aukerarik eman
Aizkolari mutrikuarrak erraz lortu zuen garaipena, eta maila nagusira igoko da.

Ugaitz Mugertzak lortu zuen atzo Usurbilen Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela, eta ondorioz datorren urtean maila nagusian aritu ahal izango da. Ikusle askoren artean jokatu zen atzo Usurbilen finala. Bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen.
Mugertza II.ak sekulako erakustaldia egin zuen, eta hasieratik bukaerara izan zuen finala kontrolpean. Lehen enborretik aurretik jarri zen, eta horri inongo eragozpenik gabe eutsi zion. Lan bikaina egin zuen, eta amaieran merezitako saria eskuratu ahal izan zuen aizkolari mutrikuarrak.
Emozioa bigarren posturako izan zen, Jon Irazuren eta Eneko Otañoren artean. Azken hau zen finaleko gazteena, 19 urterekin, eta, joan den astean Euskal Herriko Bigarren Mailako kanporaketan egin zuen bezalaxe, atzo ere lan handia egin zuen.
Irazu eta biak pare-parean aritu ziren, baina zatirik handienenean zertxobait aurretik Otaño. Azkeneko enborra ere aurretik bota zion Irazuri, baina tartean enbor bat ondo erdibitu gabe zeukan, eta hura amaitzen zuen bitartean, Irazuk lana bukatu eta bigarren postua lortu zuen, eta Eneko Otaño hirugarrenera bidali.
Mujika ia hasieratik geratu zen laugarren postuan, eta horrelaxe amaitu zuen. Mugertza III.ak behetik gora egin zuen, eta lan erdietara arte azken postuan ibili baldin bazen ere, gero Txapartegi gainditu eta bosgarren bukatu zuen, eta Txapartegik seigarren.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
