Jon LEUNDA
HARR-JASOTZEA | Gipuzkoako finala

Izeta III.a izan da erregularrena

Aiarrak sekulako lana egin zuen, eta borroka handia izan zuen Ostolatzarekin, nahiz eta amaieran txapela berak eraman.

Izeta III.ak irabazi zuen atzo Usurbilen jokatu zen Gipuzkoako Txapelketa, lan bikaina egin ostean. Aimar Irigoien zen faborito, baina azken orduan izandako arazo batzuk zirela medio, errezildarrak ezin izan zuen parte hartu, eta aiarrak ederki baliatu zuen aukera.

Kirolari bakoitzak 125 kiloko kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen lanerako, hiruna minutuko txandatan. Jendearen erantzuna bikaina izan zen, sekulako jendetza batu baitzen finala ikusteko asmoz.

Izeta III.ak eta Ostolatzak sekulako borroka izan zuten lehen postu horretarako. Lehen harriarekin 30 jasoaldi lortu zituen aiarrak, eta bat gutxiago Ostolatzak. Hirugarren posturako ere dema handia zegoen. Koparekin berdinduta geratu ziren Telleria II.a eta Ugartemendia, bakoitzak 24 aldiz berdindu baitzuen harria bizkar gainean. Azkena Galarraga geratu zen; honek 23 jasoaldi eman zizkion harriari.

Bigarren harriarekin, kubikoarekin, alegia, Ostolatza izan zen nagusi. Bizkar gainean 21 aldiz berdintzea lortu zuen. Jasoaldi bat gutxiago egin zuen Izeta III.ak, eta dena azkeneko lanerako geratu zen. Gauza bera gertatu zen hirugarren postu horretarako deman ere.

Kasu honetan, Ugartemendiak aurre hartu zion Telleria II.ari. 18 aldiz jaso zuen kubikoa Ugartemendiak eta bi jasoaldi gutxiago lortu zituen Telleria II.ak. Horretan ere azkena Aimar Galarraga izan zen, hamaika aldiz berdindu baitzuen harria.

Dena bolarekin erabakitzeko geratu zen, eta horrelaxe izan zen; izan ere, sailkapena irauli egin zen. Aurreneko postu horretako deman, Izetak hemen erabaki zuen dena, 26 jasoaldi eman baitzizkion bolari, eta bat gutxiago Ostolatzak. Hala, sailkapen nagusian ere horrelaxe geratu ziren bi kirolariak.

Hirugarren posturako lehia horretan ere Telleriak harri honekin erabaki zuen dena, ikaragarrizko lana egin baitzuen. 24 jasoaldi eman zizkion 100eko bolari, eta lauren aldea atera zion Iban Ugartemendiari, eta hirugarren postua ziurtatu zuen horrela. Azkena berriro ere Aimar Galarraga izan zen, guztira 15 jasoaldi lortuta.

Izeta III.a bukaeran pozez gainezka zegoen. «Orain arte torneo batzuk irabazita nengoen, baina ez honelakorik. Hau berezia da, handia, eta ikaragarrizko ilusioa egin dit. Aurkari handiak izan ditut aurrean beti, baita gaur ere, Ostolatza bertan baitzen. Poz handia hartu dut», esan zuen aiarrak.

Nafarroako Txapelketa ugari jokatuko dira Iruñeko sanferminetan

Urtero legez, bihartik uztailaren 14ra bitarte egunero izango dira herri kirol jaialdiak Iruñeko Foruen plazan, eta hasiera ordua 12.00etan izango dute, betiko moduan.

Bihar trontzak izango du protagonismo nagusia, Nafarroako maila nagusiko gizonezkoen eta emakumezkoen finalak jokatuko baitira.

Asteazkenean, ingude-altxatzeko finala jokatuko da. Ostegunean, berriz, Nafarroako Hirugarren Mailako aizkolarien kanporaketa iritsiko da, eta ostiralean, berriz, kadete mailako trontzalarien finala.

Larunbatean harri-jasotzeko Nafarroako Txapelketa eta nesken txinga-eroateko finalak izango dira. Igandean, maila nagusiko binakako aizkolarien finala jokatuko da, baita orga-jokoa ere, eta astelehenean, mutilen txinga-eroatea eta lasto-altxatzea izango dira, erakustaldiekin batera.

J.L.