J.L.
Harri-jasotzea

Bertiz buru dela jokatuko da Iruñean Nafarroako final nagusia

Nafarroako harri-jasotze finala jokatuko da gaur, 12.00etan, Iruñeko Foruen Enparantzan. Hiru izango dira parte hartuko dutenak, eta buru eta faborito nagusi Unai Bertiz izango da. Berarekin batera, Urrutia eta Ariztegi ere arituko dira. Bakoitzak 125eko kopa, 112,5eko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu bi minutuko txandetan.

Gaur, nesken txinga finala ere jokatuko da. Bertan, Sousa, Almandoz eta Sorondo neurtuko dira, esku bakoitzean 25 kiloko txingak hartuta. Mutilen lasto-altxatze finala ere jokatuko da. Telletxea eta Landiribar arituko dira.

Astean zehar ere final ugari jokatu dira, eta nabarmenena ingude-altxatzekoa izan zen: Maika Aristegik txapela lortzeaz gain, Nafarroako errekor berria ere lortu zuen, 9 kiloko ingudea minutu eta erdian 93 aldiz jasota. Mutiletan, berriz, Josetxo Urrutiak irabazi zuen.

San Fermin motozerra sariketa ere jokatu da. Kirol honetan jokatzen den txapelketa bakarra da, ofizialki, behintzat, eta Esteban Arrutik irabazi zuen. Atzo, trontzan, kadete mailako finala jokatu zen, eta Irigoienek eta Galarregik osatutako bikoteak lortu zuen maila horretako txapela, eta maila oso ona emanez, gainera.