J.L.
GIZA-PROBA | Gipuzkoako Txapelketa

Andutz eta Heldu izan dira finalerako txartela lortu duten lehen bi taldeak

Itziarko Andutz eta Orioko Heldu taldeak izan dira Gipuzkoako finalera sailkatu diren aurreneko bi taldeak. Herenegun, aipaturiko bi taldeak izan ziren bi onenak. Mendaro da kanpoan geratuko den taldea.

Azkeneko jardunaldian Orioko taldea izan zen onena. Guztira 53 plaza eta 0,90 metro egin zituen, eta horrekin lehen postua segurtatzeaz gain, finalerako txartela ere lortu zuen; izan ere, lehen fase honetan denetik egin du Orioko taldeak, baina azkenean hasieran zuen helburua bete du.

Agian, Itziarko taldea izan da aurreneko txanda honetako talderik erregularrena, eta azkenean lortu du finalean aritzeko txartela. Azkeneko jardunaldian bigarren postuan amaitu zuen, baina nahikoa izan zuen aurreneko asmoa betetzeko. Guztira 52 plaza egin zituen.

Mendaro izan da lehen fase honetan ahulen ibili dena. Bi aldiz azkena geratu da, eta beste batean bigarrena, eta azkenean finaletik at geratu da. Bere herrian jokatu zen azkeneko saio honetan ere azkena amaitu zuen, guztira 45 plaza, zinta 1 eta 3,55 metro egin baitzituen.

Sailkapen nagusian berdinduta geratu dira Andutz eta Heldu, biak ere 7na punturekin, baina horrek ez dio axolarik biak izango baitira final nagusian. Azkena Mendaro geratu da, 4 punturekin, eta finala jokatzeko aukerarik ez du izango.

B multzoko azkeneko jardunaldia datorren larunbatean jokatuko da Aian. Debako Tarinak, Urola Garaia eta Berrobi neurtuko dira. Azken bi hauek finaletik oso gertu daude.