Gipuzkoako finalean bezalaxe, Izeta III.ak berriro ere mendean hartu du Ostolatza

Gipuzkoako finala ikusgarria izan zen, Izeta III.ak eta Joseba Ostolatzak ikuskizun latza eskaini baitzuten. Hori dela-eta, herenegun arratsaldean izan zuten errebantxa Alegian bi kirolariek, eta oraingoan ere irabazi egin zuen aiarrak.
125 kiloko kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola erabili zituen bakoitzak, hiruna minutuko txandetan, eta emozioa ikaragarria izan zen. Kopari 29 jasoaldi eman zizkion Izeta III.ak, eta bat gutxiago Ostolatzak. Kubikoarekin berdinduta geratu ziren bi harri-jasotzaileak, bakoitzak 19 jasoaldi lortu baitzituen. Azkenik, bolarekin ere parean geratu ziren, bakoitzak 26 aldiz berdindu baitzuen harria bizkarraren gainean.
Guztira 8.362,5 kilo jaso zituen Izeta III.ak, denera 74 jasoaldi. Joseba Ostolatzak, berriz, 8.237,5 kilo jaso zituen, guztira 73 jasoaldi lortuz. Biek egin zuten Gipuzkoako finalean baino marka kaskarragoa, baina bietako inoren lanak ez zuen izan inolako aitzakiarik, bikain aritu baitziren.
Bestetik, eta jaialdi berean, Esnaola gazteak marka berria ezarri zuen, 220 kiloko harri errektangularra bost minutuko txanda bakar batean bi aldiz altxatu baitzuen. Hirugarrena ere jaso zuen, baina denboraz kanpo. Berrobikoak berriro ere agerian utzi zuen nolako maila eta etorkizuna duen.
Alegian, aizkolarien dema ere izan zen. Otaegik 80 ontzakoa ebaki behar zuen, eta Eneko Saralegik bost metroko altueran metroko enborra. Azken honek irabazi zuen, baina bederatzi segundoko tartea egon zen.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
