Arantxa MANTEROLA BAIONA
UDATE | Baionako Bestak

Eskaintza askotarikoa izan arren, oraindik euskarak ez du lortu behar duen «tornuia»

Jende askoren ahaleginari esker, azken urteotan euskal kultura bere tokia hartzen ari da Baionako bestetan, batez ere Karrikaldiaren baitan. Alta, euskararen presentzia oraindik orain oso eskasa da egitarau ofizialean. Bestelako ekimen bereziek ere egin dute beren zulotxoa jaietan.

Jakina da inon euskararen egoera larria bada, hori Ipar Euskal Herrian dela, eta, are gehiago, bertako hirietan. Horrenbestez, Baionako bestak ere egoera horren isla dira. Halere, euskararen eta euskal kulturaren kontzientzia areagotzen ari da urtez urte, batez ere hainbat elkarte eta pertsonen ahaleginari esker.

Egia da ere, duela urte batzuekin alderatuta, egun Euskal Herriko hizkuntza adeitsuago hartzen dela bai erakundeetan eta baita jendearen artean ere. Alta, azken urteetako bilakaera pixka bat aztertuz, bere presentzia ez da horrenbeste emendatu jaietan. Irekiera gauean, gaskoiarekin batera, entzun ahal izaten da herriko etxeko balkoian urtero egokitzen den bertsolariari esker. Aurtengoak nabarmendu zuen moduan -Aitor Servier azkaindar gaztea-, plazan bildutako jendetzaren gehiengo oso zabalak entzuten duen bertsoan deus ulertzen ez badu ere, «inportantea» da euskarari lekutxo hori ematea Baionako bestetan.

Egitarauan txoko sinboliko bat gordetzen zaio euskarazko hiztegitxo minimo bati, jaietan erabil dadin (nola agurtu, jatekoa edo edatekoa nola eskatu, helbide bat nola galdetu eta abar).

Hortik aurrera, Karrikaldia salbu, ezer gutxi. Aurten, gainera, zertxobait atzera egin dela ere esan daiteke. Izan ere, antolatzaileekin egindako aurrelanari esker, iaz lortu zen Haurren Egunean Leon erregearen iratzartze jendetsuan hitz batzuk euskaraz izatea eta eguerdiko hamabi kanpaikadak euskaraz ere kontatzea. Aurten, baina, ez da halakorik gertatu.

Karrikaldia, nagusi

Baionako bestetan euskaraz abestu eta bertako kulturaren erakustaldiez gozatu nahi duenak Karrikaldira joan behar du. Han-hemenka izaten dira beste elkarte edo peñek antolatzen dituzten ekintzak (abesbatzen emanaldia Montaut plazan edo Moderne trinketeko pilota saioak, esaterako), baina, ezbairik gabe, Jacques Portes plazako eguneroko hitzordua da nagusia.

Arratsalde oso-osoan zehar, 16.30etatik 23.00etaraino, ez da bertan falta izaten kanta, dantza, bertso, antzerki edo ikuskizunik elkarte antolatzaileei esker, tartean Orai Bat, Leinuak, Ibaialde, Baionan Kantuz... Badira hogei bat urte lanean hasi zirela, batik bat jendea abestera eta mutxikoak edota fandangoak dantzatzera gonbidatuz.

Jendearen erantzuna hain izan zen ona, urtetik urtera parte hartzea emendatzen joan zela. Are, Baionako bestak hurbiltzen ari ziren heinean, gero eta jende gehiagok egiten zituen ikastaroak Dantzazpirako prest izateko. Horrela, Montaut plaza txiki geratu zen eta duela urte batzuk Jazques Portes plazara jaitsi zen Karrikaldia.

Bestelako eskaintza bereziak ere izaten dira Lapurdiko hiriburuko jaietan. Festetako yoga saioak dira horren adibide. Egunero, 10.30etik 11.00etara, eguna ondo hasteko edo jaien zalapartatik atseden hartzeko jarri zuten abian aukera hori duela sei bat urte.

Hasieran, xelebrekeriatzat hartu zuen askok, baina, pittaka-pittaka, ekimen horrek ere bere txokoa egin du jaietan. Goizero, egunaren arabera, 12o edo 150 bat pertsona biltzen dira Askatasunaren plazan, herriko etxearen aitzinean. Baldintza bakarra, zuriz eta gorriz jantzita joatea, eta, jakina, erlaxazio ariketak egiteko gogoa izatea. Jaien erdian, batez ere gauak luze jo dutelarik, energiak berritzeko gomendagarria omen da oso.

Yoga eta zumba saioak

Hala uste du Mixel Ducau musikari eta kantariak ere. Bere emazte Caroline Phillipsekin Bestetako Yoga ekimenaren aitzindari eta bultzatzaile izan zen. Astean behin «era seriosagoan» egiten omen du yoga Ducauk. Halere, festen erdian «halako giro lasaia lortzea gauza ederra» dela uste du. Lehen urteetan, gaua oraindik bukatu ezinik inguratzen ziren parrandazale batzuek enbarazu egiten omen zieten. «Baina, normalean, dena ondo igarotzen da» dio.

Anekdotaren bat ere badu: «Behin Iruñeko hautetsi bat yogan nola ari ginen begira ari zen udaletxeko balkoitik eta `esto en Pamplona, imposible' esan omen zuen». Bada, Baionan, posible da.

Halere, mugimendu gehiago nahi izanez gero, zumba saioak ere izaten dira, egunero pare bat aldiz, arratsaldean eta gauean, Paul-Bert plazan. Han ere kontzentratu beharra dago musikaren pausoak segitzeko, baina, zalantzarik ez, yoga baino askoz martxosoago da!

Corso ikusgarria

Geldi-geldi, beha egon nahi duenarentzat ere bada aukerarik, jakina. Esaterako, corso argitsua izeneko desfile ezaguna. Atzo egin zuten lehena eta gaur, 22.00tatik gauerdira arte, Aturri ibaiko ertzetan igaroko dira hamar gurdi apainduak.

Bestak egiten hasi zirelarik lore-jokoak deiturikoen oinordeko, corso argitsuak milaka festazale liluratzen segitzen du. Gerard Iribarren arduratzen da koordinazioaz. Aspaldiko elkarte baionarrek (Pottoroak, Betixoak...), karrikak animatzeko asmoz, gurdiak ikuskizuna ahalik eta ederrena izateko prestatzen dituzte.

Egun hamar elkartek jarraitzen dute ohitura. Urtero gai ezberdina finkatzen dute, eta horren inguruan dekoratzen dituzte karrozak. «Esan beharra dago, beste eskualdetan ez bezala, hemen gurdiak dotoretzen dituztenak ez direla profesionalak, elkarteetako kideak baizik. Denak boluntarioak dira. Bestetako aurrekontutik 2.000 eta 3.000 euro tartean jasotzen dituzte karroza egiteko», adierazi digu Gerard Iribarrenek.

Epaimahai batek puntuatzen du gurdi bakoitzaren edertasuna, originaltasuna, dekorazioaren kalitatea, karroza gainean egiten den animazioaren ikusgarritasuna eta koreografia. Irabazleak 1.000 euroko saria jasotzen du. Aurten, lehen aldiz, herritarrek SMS bidez bozkatu ahal izango dute gehien gustatu zaien gurdia.

Zazpi urte karrozen atontzea kudeatzen daramatzan Iribarrenek kezka azaldu du ekimen honen etorkizunaz: «Festetako edozein ekimen antolatzea gero eta konplexuagoa da. Jende asko biltzen den gune batean aritzen gara, eta segurtasun neurri zorrotzak hartu behar dira. Duela hogei urte ez zeuden hainbeste oztopo. Gainera, gurdiak apaintzeko elkarteetako kideen artean ordezkatze gutxi ematen da, batez ere jende gaztea erakartzea asko kostatzen delako».